argia.eus
INPRIMATU
Fotokazetari madrildar bat epaituko dute: “Lekuko deserosoak ekiditeko abisua da”
  • Urtarrilaren 19an epaituko dute Raul Capin fotokazetari madrildarra, autoritatearen aurkako atentatua egotzita. Capinen abokatuaren arabera, atxiloketa eta epaiketa "lekuko deserosoak ekiditeko abisua" dira. 

EƱaut Agirrebengoa Apaolaza @eagirrebeng 2016ko urtarrilaren 13a
Fiskaltzak bi urteko kartzela zigorra eskatu du Raul Capinentzat.

Insurgente.org atariak azaldu duenez, fiskaltzak bi urteko kartzela zigorra eskatzen du fotokazetariarentzat, 2013ko apirilaren 25ean Madrilen egin zen manifestazio batean lanean ziharduela Poliziaren aurka oldartu zelakoan. Capinen arabera, froga bezala soilik eskua polizia infiltratu baten bizkarrean duen argazki bat aurkeztu dute. "Makil batekin agenteak kolpatu izana ere leporatu zait, baina ez dago hori erakusten duen frogarik". 

Capinek kolaboratzaile lanetan dihardu Diario Independiente Digital eta Mundu Obrero agerkarietan, eta mugimendu sozialen –etxe desjabetzeen aurkako plataformak, 15M...– jarduna jorratu ohi du. Bere esanetan, kontzientzia “oso lasai” dauka. Era berean, salagarri deritzo agenteek atxiloketaren unean eman zioten trataerari.

Atxiloketa 2013ko maiatzaren 22an izan zen. Insurgentek emaniko informazioaren arabera, bi polizia uniformatu eta kalez jantzitako hiru sartu ziren Capinen etxean, denek aurpegia estalita zutela. Eskuburdinak jarri, eta polizia autoan sartu zuten, non aurpegia estalitako beste bi agente zituen zain. 

Egun horretan bertan atxilo hartu zuten Adolfo Lujan fotokazetaria ere. Manifestazio batean istiluak polizia infiltratuek abiatu zituztela salatzeagatik atxilotu zuten, hori esatea polizia iraintzea dela argudiatuz. 

Prentsa kontserbatzailearen jazarpena salatu du

Capinen arabera, Espainiako prentsa kontserbatzaileak jazartu egin zuen. Hauek “probokatzaile erradikal” gisa definitu zuten, eta hainbat argitalpenen bitartez fotokazetariaren irudia zikintzen saiatu ziren. Esaterako, El Mundo eta La Razon egunkariek azaleko irudi batean manifestalari gisa identifikatu zuten Capin, eta ez kazetari legez. Irudiak Hipotekek Kaltetutakoen Plataformak Kongresuko presidente Jesus Posadaren etxea egindako eskratxea erakusten zuen. 

Hemen Canarias Semanalek Capini ekainean eginiko elkarrizketa.