argia.eus
INPRIMATU
Memoria eguna
Poliziaren torturen biktima batek hartu du parte Jaurlaritzaren ekitaldian, lehenbizikoz
  • "Itxi gabeko zauriak ditu gure herriak", adierazi du Imanol Pradales EAEko lehendakariak. Jaurlaritzak antolatuta, lehenbiziko aldiz solasaldia egin dute ETAk hildako bi pertsonaren senide banak eta Poliziaren torturak jasan zituen pertsona batek. EH Bilduk "memoria inklusiboa" aldarrikatu du, eta mende erdia iragan denez Franco bere ohean hil zenetik eta Txiki eta Otaegi fusilatu zituztenetik, "herri gisa bat egiteko" deia luzatu du koalizio subiranistak, "faxismoari aurre egiteko".

Gorka Peñagarikano Goikoetxea 2025eko azaroaren 11
Indarkeriaren biktimen solasaldia. Ezker-eskuin: Amelia Machimbarrena, Maixabel Lasa eta Ixone Fernandez. Irekia

Azaroaren 10a Memoriaren Eguna da, eta hainbat ekitaldi antolatzen dira Araba, Bizkaia eta Gipuzkoan. Eusko Jaurlaritzaren ekimenez, estreinako aldiz aurten, Poliziaren torturen biktima batek hartu du parte urtero egin ohi den indarkeriaren biktimen solasaldian. Orain arte, ETAren biktimen senideak soilik egon izan dira mahai inguruan. 

Ixone Fernandez 2005ean atxilotu zuen Espainiako Poliziak, ETArekin kolaboratzea egotzita. Tortura fisiko eta psikologikoak jasan zituen, eta lau urtez espetxean egon zen; Espainiako Auzitegi Nazionalak kargurik gabe absolbitu zuen 2009an. Berarekin batera, ETAk 1978an Donostian hildako infanteriako koronel erretiratuaren bilobak hartu du parte solasaldian, Amelia Machimbarrenak; baita Maixabel Lasak ere, ETAk 2000an hildako Gipuzkoako gobernadore ohi Juan Mari Jauregiren alargunak.

Berria egunkariko Aitor Biain kazetariak jaso duenez, Poliziaren torturen biktima den Fernandezek nabarmendu du "traumatikoak" izan zirela bere bizipenak ere, eta bere kontakizuna "ukatua" izan dela gerora. Horrek eragindako minean oinarrituta hitz egin du mahai inguruan, eta tortura kasu guztiak aintzat hartzeko eskatu du. ETAk hildako koronel haren ilobak, Machimbarrenak, Fernandezi erantzunez, zera esan du: "Niri 18-20 urterekin esan balidate neska bat torturatu zutela, ziur aski ez nukeen sinetsiko, nik orduan sentitzen nuen minak besteek sentitzen zutena aitortzea oztopatzen zidalako". Lasak, bestalde, Jaurlaritzako Biktimen Arretarako Bulegoaren zuzendari izan denez, talde horren funtzioa azpimarratu du. Biktimek jasan zuten "abandonua gainditzeko" egindako ahalegina azaldu du, erakundeek ez ezik, "gizarteak ere ikusezin bilakatu baitzituen biktimak".

Ezker-eskuin: María Jesús San José (Justizia sailburua), Imanol Pradales (lehendakaria) eta Alberto Alonso (Gogora institutuko zuzendaria) Irekia

Jaurlaritza: "Bide luzea dago egiteko"

EAEko lehendakari Imanol Pradalesek ere hartu du parte aipaturiko ekitaldian. "Euskadik pairatu duen indarkeriak itxi gabeko zauriak utzi ditu gure herrian", azpimarratu du, eta nabarmendu "memoria zintzo eta konstruktiboa" erabili beharra dagoela, eta "bide luzea" dagoela egiteko. 

Gazteei egin die dei Pradalesek. Memoria egunero lantzea defendatu du, "euskal gazteek Euskadin bizi izan duten garai iluna ezagutu ez dezaten". Iraganetik ikasteko mezua luzatu du.

Pello Otxandiano, lore eskaintzan Legebiltzarrean. Eusko Legebiltzarra

EH Bildu: "Memoria inklusiboa aldarrikatzen dugu"

Eusko Legebiltzarraren atarian, urtero bezala, lore eskaintza egin dute Memoria Egunarekin bat eginez. Alderdi guztiek hartu dute partu, salbu eta PPk eta Voxek, haietako bakoitzak bere aldetik jo baitu.

EH Bilduko Pello Otxandianok azpimarratu du "memoria inklusiboa" aldarrikatzen duela koalizio subiranistak: "Sufrimendu guztiak eta biktima guztiak aitortu eta errespetatuko dituen memoria behar dugu, zinez uste dugulako hori dela bidea elkarbizitza benetan demokratikoa eraikitzeko". Efemerideen bidez testuingurua ipini dio 2025eko Memoria Egunari, mende erdia igaro baita Franco bere ohean hil zenetik, Juan Carlos Borboikoa errege izendatu zutenetik Espainiako Estatuan, eta frankismoko azken fusilamenduak gertatu zirenetik, Txiki eta Otaegi, besteak beste.

"Lehendakariak ohartarazi zuen garai ilunak hel daitezkeela eta sektore faxistak eta autoritarioak daudela, atzera eraman nahi dituztenak; horregatik, uste dugu memoriak balio behar duela lezioak ateratzeko eta, faxismoaren aurrean, herri gisa bat egiteko", azpimarratu du Otxandianok.

Eneko Andueza, PSE-EEren idazkari nagusia. Eusko Legebiltzarra

PSE-EE: "Sektore batzuetan, elkarbizitza mehatxaturik dago"

"Biktimen alboan egoten" jarraitu behar dela nabarmendu du PSE-EEko idazkari nagusi Eneko Anduezak, "elkarbizitza bultzatzea beharrezkoa" delako. Gauzak horrela, Memoriaren Eguna PSE-EE buru zuen Eusko Jaurlaritzak ipini zuela oroitu du, Patxi Lópezek.

Enkargua ere egin die "muturreko sektoreei". Anduezaren esanetan, bada "sektore jakin batzuetan biolentziaren kultura bat", "elkarbizitza mehatxupean" jartzea desio dutena. "Baina zorionez, gutxi dira".

PP eta Vox, bakoitza bere aldetik

PPk Gasteizen egin du ekitaldia, eta Voxek Bilbon, bakoitzak bere aldetik. Biek ala biek egin diote erreferentzia ETAri, esanez ezker abertzaleak ez duela "ardurarik hartu nahi", eta ez dutela onartuko, situazio horretan, ekitaldi bateraturik egitea. EAJri eta PSE-EEri, berriz, "ez konformatzeko" eskatu diete. 

Dena dela, EAEko PP bere aldetik joan bada ere, Donostiako Udalean bai, gainontzeko alderdiekin hartu du parte ekitaldian. Ez du adierazi zergatik egin duen salbuespena.

Etxerat-en ekitaldia. Etxerat

Dispertsio politiken biktimak oroitu ditu Etxeratek

"Hamasei biktima hauek, oraindik orain, instituzioetatik biktima izaeraren aitortza ofizialik gabe jarraitzen dute", adierazi du Etxeratek Gasteizen eginiko ekitaldian, Legebiltzarraren kanpoaldean. EH Bilduko ordezkariek ere hartu dute parte, presoei bisitan joanda errepidean hildako senideak oroitzeko.

"Borondatea" eskatu du Etxeratek, "memoria osoaren eta bizikidetzaren eraikuntzaren logikan" urratsak ematen jarraitu ahal izateko: "Borondatea eskatzen diegu esku artean dituzten erremintak erabil ditzaten sufrimendua eragiten jarraitzen duen hamasei biktima hauen aitortza instituzionala iritsi dadin". Etxeraten esanetan, "bada garaia" sufrimendua eragiteko dispertsio eta urrunketa politikak erabili zituztenek sorraraziko mina aitortzeko.