UPNk salatu du Nafarroan eskuin muturreko taldeen eta Poliziaren indarkeria aztertzen duen batzordeak ia edonor hartzen duela biktima gisa. María Chivite lehendakariak erantzun dio Poliziak egindako abusuen salaketak asko izan direla eta denboran hainbat garaitan luzatu direla.
Eskuin muturraren eta Poliziaren indarkeriaz diharduen 16/2019 Foru Legea eratu zenetik egin du haren aurka UPNk, eta jarraitzen du hura erabiltzen María Chiviteren gobernuaren aurka gogor jotzeko. Ildo horretan, María Chivite lehendakaria Nafarroako Legebiltzarrera deitu du biktima horien izaera aitortzen duen batzordeaz azalpenak eman ditzan. Legeak finkatzen duenez, Nafarroan eskuin muturreko taldeen eta Poliziaren biolentzia jasan duten herritarrek egindako eskaerak aztertzen ditu batzordeak, eta erabakitzen du biktima izaera eman ala ez.
Javier Esparza UPNko buruzagiaren ustez batzorde hori politikoa da, “ez da ez teknikoa ezta plurala ere”, eta azpimarratu du 2024an jasotako eskaeretatik perrtsona bakarrari ukatu zitzaiola biktima izaera. Esparzaren esanetan, hor EH Bilduk agintzen du. Bere ustez, PSN eta EH Bildu elkarlanean hasi zirenetik Chiviteren gobernua EH Bilduren menpe dago, eta hark ordaintzen dio batzordearen gaineko agindua emanda.
Pernando Barrena EH Bilduko diputatuaren adibidea ekarri du mahaiaren gainera Esparzak: “Haren ibilbidea kontuan hartuta, uste duzu onargarria dela hari biktima izaera onartzea?”, galdegin dio Chiviteri. Batzordeak Barrenari eta beste 20 herritarri onartu die aurten biktima izaera, jasandako torturengatik.
Chivitek erantzun dio Espainiako Auzitegi Konstituzionalak berak ere oniritzia eman ziola aipatutako legeari, eta biktima izaera ez dela ematen pertsona batek izan duen ibilbide politikoaren arabera, gertaera batzuk aztertuta baizik. Lehendakariaren esanetan, ETArena drama bat izan zen, baina funtzionario publikoek egindako legez kanpoko jardueren salaketa ugari ere egon ziren. Berria-k horrela jaso ditu haren esanak: “Poliziaren abusuak eskala handikoak izan ziren eta garai batean baino gehiagotan gertatu ziren: diktadura frankistan, trantsizio demokratikoan eta terrorismoaren aurkako borrokaren garaian”.
Horrez gain, Chivitek gogorarazi dio Esparzari Batzorde hori bederatzi pertsonez osatuta dagoela, guztiak adituak, eta haren kideek erabakiak ondo aztertuta eta aho batez hartzen dituztela. Horrela osatuta dago egun batzordea: Oroimena eta Bizikidetzako Nafarroako Institutuko zuzendari nagusia –gaur egun Martín Zabalza–, Nafarroako Oroimenaren Institutuko zuzendaria –José Miguel Gastón–, Nafarroako Legezko Medikuntza Institutuak izendatutako bi auzi-mediku eta psikologo bat, eta Nafarroako Legebiltzarrak izendatutako beste lau kide.