Protesta eguna da gaur Ipar Euskal Herrian eta Frantzian, François Bayrou lehen ministro ohiak egindako aurrekontu proposamenen aurka altxatu dira gizarte eragileak. Goizean goizetik, Baionako sarrerako biribilgunea blokatzeari ekin diote. Jada hogei manifestari atxilotu ditu Poliziak.
François Bayrou lehen ministro ohiaren dimisioak ez ditu protestak baretu: goizean goizetik izan dira blokatzeak Baionako Leroy Merlineko biribilgunean. Henri Grenet zubian izan da goizeko bigarren elkarretaratzea, bietan Poliziak esku hartu du. Negar gasa erabili dutela salatu dute manifestariek: dagoeneko, gutxienez, hogei atxilotu izan dira protestetan.
“Milioiak ospitaleentzat, ez multinazionalentzat” pankarta eskuan egin dituzte eguneko lehen ekintzak. Lehen ministro ohiak murrizketa nabarmenak eraman zituen aurrekontuen planera: urtero 43.800 milioi euro aurrezteko plana proposatu zuen, herrialdearen zor publikoa murrizteko; eta horretarako, pentsioak izoztu, lanpostu publikoak murriztu eta osasunera eta gizarte politiketara bideratutako gastua apaldu nahi zituen. Bi jai egun kentzeko aukera ere mahai gainean jarri zuen. Estatu osoko gizarte mugimenduen erantzuna izan da irailaren 10eko “blokeatze eguna”. Sindikatu eta alderdi politiko zenbaitek babestu dituzte protestak, Ipar Euskal Herriko kasuan, esaterako, LAB eta ELB sindikatuek.
Egun osoko mobilizazioak daude aurreikusita. 14:00etan Askatasun plazan bilduko dira, Baionako Herriko Etxearen parean; eta 18:00etan San Izpiritu auzoan, La Burtsaren aurrean. Han erabakiko dute irailaren 11n ere protestei ze forma emango dieten.
Poliziaren presentzia zabala
Poliziaren presentzia nabarmena izan da mobilizazioetan. 80.000 polizia zeuden aurreikusita Frantziako Estatu osoko protestetarako, horrela jakinarazi zuen Bruno Retailleau Frantziako Barne ministroak Baionako kasuan, protesta hasi eta “berehala” heldu da Polizia, Kazeta-k dioenez. Batzuk uniformez jantzita zeudela azaldu du kazetak; baina zibilez jantzitako poliziak ere izan direla azaldu dute. Blokeoa desegin eta hirira sartzeko errepide nagusia libre utzi dute.
Hiriko protestetan ere polizien presentzia nabarmena izan da. Henri Grenet zubian egindako elkarretaratzean Poliziak manifestariak inguratu eta euren aurka negar gasa erabili duela zabaldu dute zenbait euskal hedabidek, tartean Berria eta Euskal Irratiak.
Frantziako zenbait hedabidek baieztatu dute Pirinio Atlantikoen Prefeturak baimena eman duela protestak drone bidez jarraitzeko. Are, Frantziako Estatuko gainontzeko protesta “ia guztiak” ere drone bidez zelatatuta egongo direla jakinarazi du Mediapart-ek.