argia.eus
INPRIMATU
Poliziak sexu erasoen protokoloa ez duela bete salatu du Gora Iruñeak
  • Iruñeko Sanferminetan sexu erasoa jasan zuen neskarekin Espainiako Poliziak protokoloa ez duela bete salatu dute Gora Iruñeak eta Indarkeria Sexistaren aurkako Plataformak Ez onartu bertsio ofizialak oharrean (pdf). 

Garazi Zabaleta 2015eko uztailaren 22a
Uztailaren 13an egin zuten sexu erasoen aurkako kontzentrazioa Iruñeko Udaletxe Plazan (argazkia: Ekinklik)

Uztailaren 10eko goizaldean, sexu erasoa jasan zuen emakumea salaketa jartzera joan zenean, etxera bidali zuten poliziek. Eguerdian bueltatu zen neska salaketa jartzera, eta orduan tramitazioa egin bazioten ere, ez zuten sexu erasoen protokoloa bete, Gora Iruñearen eta plataformaren arabera.

Neskari ez zioten itzultzailerik jarri, ezta abokatu edota psikologorik ere. Osasun etxera ere ez zuten eraman kasu hauetarako protokoloan sartzen den mediku informea egiteko.

Argitaratutako oharrean adierazi dutenez, Espainiako Poliziak sarritan ez du betetzen Nafarroan ezarritako “genero biolentziaren biktimentzako asistentzian ekimen koordinatuaren protokoloa”.

Espainiako Gobernuak Nafarroan duen delegaritzari eskatu diote beren poliziak protokoloa betetzera behartzeko, ez betetzeak emakumeen eskubideak urratzen dituelako, bigarren mailako herritar bezala tratatuz eta beren sexu askatasuna babesgabe utziz.

Bestalde, uztailaren 13an egindako kontzentrazioan herri mugimendua eta mugimendu feminista indar handiz dabilela erakutsi zutela gogorarazi dute, eta bide onetik goazela azpimarratu: “Herritarrek sexu erasoen aurkako jarrera argia erakutsi eta benetako aldaketarako apostua egin dute”. 

Komunikabideek gaiari emandako tratamendua, "negargarria"

Zabaldutako oharrean komunikabide ugarik izandako jarrera kritikatu dute, herri mugimenduaren eta mugimendu feministaren bertsioari baino, poliziaren bertsioari arreta guztia jartzeagatik: “Guk pisuzko arrazoiak ditugu beti bertsio guztiak kontrastatzeko”, adierazi dute.

Poliziaren bertsio ofiziala eta medioek egindako jarraipena “sentsazionalista” izan dela ere salatu dute: “Neskak jarritako salaketaren xehetasun ugari argitaratu izanak poliziak egindako filtrazioak agerian utzi ditu”.