argia.eus
INPRIMATU
Poliziak eraso egin die Newroz eguneko ospakizunetan parte hartzen ari ziren kurduei
  • Ipar Kurdistanen eta Turkian izan dira Newroz eguneko ospakizunetako istiluak. Gobernuak debekatu egin ditu martxak, eta istiluak izan dira polizien eta manifestarien artean, ANF agentziak zabaldu duenez.

     

Ane Urkola Agirrezabala @irrikaz 2016ko martxoaren 21a

Istanbuleko Bakirkoy auzoan izan dira Newroz eguneko ospakizunetako istiluak. Gobernuak debekatu egin du manifestazioa, eta manifestariei debekatu egin diete auzo horretara ailegatzea.

Hainbat gaztek lortu du auzora ailegatzea, eta horien aurka ere oldartu da polizia. Kazetariei ere eraso egin die poliziak. Dozenaka pertsona atxilotu dituzte, eta beste hainbat zauritu dituzte.

Urfa hiriko hainbat auzotan ere istiluak izan dira. Sivere auzoan, mila pertsona inguru geldiarazi ditu poliziak Yehisehir auzoko manifestazio batera zihoazela. Manifestari batzuek aurrera egin dute hiriaren erdialderantz, eta poliziak eraso egin die ur kainonekin eta gomazko pilotekin. Gutxienez, bost pertsona atxilotu dituzte.

Hilvan eta Viransehir auzoetan elkartu direnen aurka ere oldartu da polizia. Sirnak auzoko Newroz esparrura ailegatu nahi zuten manifestariek, baina poliziak oztopatu egin die. Dena den, manifestari batzuek lortu dute auzo horretara ailegatzea, eta poliziak ur kainonekin eta gas negar-eragileekin egin die eraso. Hiru pertsona atxilotu dituzte.

Beste bi hiritan ere izan dira istiluak

Newroz eguneko ospakizunak ere debekatu egin dituzte Izmir hirian. Gundogdu Plazan dira egitekoak ospakizun nagusiak, baina poliziak ingurua setiatu du. Manifestariak HDP alderdiaren bulegoan elkartu dira, eta poliziari aurre egitea lortu dute batzuek.

Karsiyaka auzoan, erresistentzia kurduaren aldeko manifestazioa egin dute. Poliziak aurka egin die, eta poliziaren eta manifestarien artean istiluak izan dira.

Adanako Daglioglu auzoan elkartu dira milaka pertsona, gobernuak Newroz eguneko ospakizunak debekatu baditu ere. Poliziak manifestazioa geldiarazi du, eta eraso egin die; manifestariek barrikadak egin dituzte erasoei aurre egiteko, eta istiluak izan dira.

Seyhan auzoan ere hainbat emakume gaztek Newroz eguneko ospakizunetako sua egin dute, eta halay dantza kurdua egin dute. Poliziak eraso egin die, eta gazteek harriekin eta molotov koktelekin erantzun die. Hiriko beste bi auzotan hainbat pertsona atxilotu dute.