argia.eus
INPRIMATU
Espainiako Polizia batek pixa egin du Kataluniako bandera independentistaren gainean
  • Joan den asteazken goizaldera kalez jantzitako Polizia Nazional batek pixa egin zuen Kataluniako bandera independentistaren gainean Gironako Calella herrian.

ARGIA @argia 2015eko martxoaren 12a
Polizia Nazionalaren furgonetak Calellan (Girona) aparkatuak. (Argazkia: Vilaweb). Polizia Nazionalaren furgonetak Calellan (Girona) aparkatuak. (Argazkia: Vilaweb).

Gertaerak herriko Golden Gloves pubean izan ziren El Punt-Avui egunkariak jakinarazi duenez, kalez jantzitako lau polizia nazional eztabaidan hasi zirenean pubaren kanpo aldean erretzen zegoen gazte taldearekin. Eztabaidaren erdian, polizietako bat tabernan sartu zen eta sabaian zegoen bandera independentistarekin atera zen kalera, banderari iseka eginez eta berau ipurditik pasatuz. Ondoren, gizonak pixa egin zuen banderaren gainean.

Istiluak gora egiten ari zirenean, gazteetako batek Eskuadra Mossoak deitu zituen, baina hauek iritsi orduko, istiluak eragin zituen gizona alde egina zen banderarekin. Beste hirurak polizia nazional moduan identifikatu ziren. Mossoek udaltzainen laguntza ere eskatu zuten, baina inork ez zuen salaketarik jarri gertatutakoen gainean.

Montserrat Candini Calellako alkateak (CiU) kexua agertzen duen idazkia idatzi dio Igancio Cosidó Polizia Nazionaleko zuzendariari, gertaerak azaldu eta horien aurrean dagokion bezala jarduteko eskatuz. Inongo salaketarik ez dagoela argudiatuz, Eskuadra Mossoek eta Polizia Nazionalak ez dute ezer adierazi nahi izan.

Polizia Nazionalaren presentzia ohikoa da Calellan, baina iaztik aurrera polizia kopurua asko ugaldu da. 2014ko Diada eta azaroaren 27ko erreferenduma zela eta, 200 bat polizia gehiago iritsi ziren herrira eta bertan mantendu dira harrezkeroztik, herriko hoteletan ostatu hartuz eta herriaren ohiko bizitzan haien presentzia nabarmen agerikoa eginez.