argia.eus
INPRIMATU
Polizia indarkeria salatzeko aplikazioa sortu dute Frantziako Estatuan
  • Polizia Indarkeriaren Behatoki Nazionalak sortu du aplikazioa. Poliziaren indarkeria grabatu eta denbora errealean kanpoko zerbitzarietara bidaltzea ahalbidetzen du, poliziek bideoak ezabatu ez ditzaten. Aplikazioa poliziaren gehiegikeriari lotutako hainbat polemikaren ostean kaleratu dute.

Maria Ortega Zubiate @ortegazubiate 2020ko maiatzaren 04a
Frantziako manifetazio batean irudiak grabatzen ari den kameralariaren aurkako oldarraldia. Argazkia: LĀ“ADN.

Urgence Violences Policières aplikazioak polizia indarkeria kasuak identifikatu eta salatu nahi ditu. Erasoa bideoan grabatuta izanez gero, poliziak identifikatu daitezke, eta beraien aurkako epaiketa hasi. Joan den asten L´Île-Saint-Denisen eraso bat gertatu zen; eta hainbat lekukok grabatu eta bideoa zabaldu zutenez, Frantziako Barne Ministerioak bi polizia agenteen suspentsioa eskatu zuen.

Frantziako Estatuan legezkoa da poliziak grabatzea 2008tik, eta lege horri jarraiki sortu dute aplikazioa. Jakin badakite herritar askok ez dakiela legezkoa denik poliziak grabatzea, eta poliziek hori aprobetxatu egiten dutela beraiek mehatxatzeko.

Dena den, jarraibide argiak eman dizkiete erabiltzaileei bideoaren kalitatea hobetzeko eta identifikazioa errazteko: lasai mantentzea eta garrasirik ez egitea, audioa distortsionatu daitekeelako, eta polizia agentearen aurpegia eta plaka zenbakia grabatzea ahal den heinean. “Helburua jendeak polizia grabatzeko beldurra galtzea da, irudiak urrunetik eta ezkutan grabatu behar ez ditzaten”, dio Amal Bentounsi, Polizia Indarkeriaren Behatoki Nazionaleko bozeramaleak.

Bolondresak izan dira proiektua martxan jarri dutenak; donazio bidez sortu dute aplikazioa, eta erabiltzaileek bidalitako bideoak sailkatzen dabiltzanak ere boluntarioki dabiltza lanean.

Inpunitatearekin amaitzea ere xede                    

Helburu zuzena erasoak egiten dituzten poliziak identifikatzea bada ere, poliziak duen “inpunitatea” deuseztatzeko helburua ere badu aplikazioak. Frantziako Estatuan poliziak nahi duena egin ahal duenaren sentsazioa duela dio Bentounsik, hori argi ikusi dela azken urteetan estatuan egon diren istiluetan.

Beren ekintzak grabatzeak indarkeria erabiltzeko asmoa kendu diezaiekela uste du. Horregatik, edozein eraso ikusten duen orori luzatu dio grabatzeko deia.