argia.eus
INPRIMATU
Polizia gehiegikeriengatik hiru ikerketa dituzte zabalduta Ertzaintzan
  • Alarma egoeraren aitzakian, konfinamendua errespetatzen ari ez direla iritzita herritarren aurka poliziak egindako gehiegikeriak ari da salatzen hainbat elkarte. Ertzaintzan, hiru barne-ikerketa ireki dituzte, Irunen jazotako kasu bat eta Bilboko bi.

ARGIA @argia 2020ko maiatzaren 14a

Estefania Beltran de Heredia Eusko Jaurlaritzako Segurtasun sailburuak adierazi duenez, ertzaina horien jokabideak legea urratu badu, espedientea irekiko zaie.

Irungo kasua martxoaren 23koa da. Herritar batek ertzainei hots egin zien, konfinamendua errespetatzen ari ez zen haur talde bat etxepean jolasten ari zela-eta. Ertzainak iritsi zirenean ez zegoen haurrik kalean, baina bertan zeuden jostailuei ostikadak ematea egotzi diote ertzainetako bati. Txio honetan jaso zuten gertaturikoaren bideoa.

Bilboko Olabeaga auzoan, martxoaren 24an, bizikletan lanera zihoala argudiatu zuen gazte bati mehatxu egin zion ertzainak: "Ezin duzu lanera bizikletan joan, erabili garraio publikoa". Albistea ARGIAn kontatu genuen, eta bideoa ikus dezakezue bertan.

Azkenik, Bilboko San Frantzisko auzoan martxoaren 29an gertaturikoa da, ziurrenik, kasurik ezagunena. Arazo mentalak dituen pertsona bat kalera atera eta bere amak ertzainei deitu zien. Semea atxilotu zuten, ama ondoan oihuka zela, eta ama lurrera nola bota zuten grabatu zuten bizilagunek. Hau ere kontatu genuen ARGIAn, eta bideoan ikusi dezakezue jazotakoa.