argia.eus
INPRIMATU
Polizia gehiegikerien 200 biktima dira dagoeneko aitortza eta erreparazioa eskatu dutenak
  • 1978-1999 artean EAEn polizia gehiegikeriak jasan dituztenek kalte-ordaina eskatu dezakete Eusko Jaurlaritzan, iazko irailetik. 200 espediente tramitatu dira jada eta eskaera gehiago espero dira, biktimek bi urteko epea dutelako horretarako.

ARGIA @argia 2020ko otsailaren 25

1960-1978 arteko poliziaren biktimek ere kalte-ordainak eskatu ditzakete apirilaren 16a baino lehen. Ehun lagunetik gora dira eskaera egin dutenak, Jonan Fernandez Giza Eskubide eta Bizikidetza Idazkari nagusiak azaldu duenez.

Kasu bakoitza baloratuko duen batzordea

Jaurlaritzak Balorazio Batzordearen dekretua onartu berri du: batzorde honek eskaerak aztertu eta erabakiko du kasuan kasu biktima gisa aitortu ala ez. Kalte-ordaina baloratzea ere bere esku egongo da. Elbarritasun larria aitortzen zaienentzat da kalte-ordain handiena (390.000 euro) eta elbarritasun partziala onartzen zaienentzat txikiena (35.000 euro). Osasun arreta integralerako eskubidea ere jasotzen du dekretuak, hala eskatzen duten biktimentzat.