argia.eus
INPRIMATU
Polizia berriz sartu da Bilboko Unamuno ikastetxera, eta zazpi ikasle identifikatu ditu
  • Ikasle bati isuna ipini diote institutuan lan politikoa egiteagatik, eta hori salatzeko agerraldi bat egiten ari ziren bitartean, gazteen aurka jo du Ertzaintzak. Zazpi lagun identifikatu ditu.

Gedar @GedarLangileKZ 2025eko maiatzaren 13a
Bilboko IA

Polizia berriz sartu da Bilboko Unamuno institutura, ikasle antolatuak jazartzeko eta haien jardun politikoa zapaltzeko. Bilboko Ikasle Abertzaleak (IA) antolakundeak jakinarazi duenez, aurreko ostiralean izan zen azken erasoa: institutuan salaketa-agerraldi bat egiten ari ziren ikasleak, baina berriz ere institutura sartu eta haien aurka oldartu zen Ertzaintza. Zazpi gazte identifikatu zituen.

IAko kideek azaldu dute ikasle bati isun bi heldu zaizkiola berriki, ikastetxean lan politikoa egiteagatik; eta, hain zuzen ere, hori salatzeko agerraldi bat egiten ari zirela ostiralean, ertzainek haien kontra jo zutenean. Gertakariak testuinguruan jarri dituzte: "Otsailaren 28an, Udaltzaingoa Unamunora sartu zen propaganda politikoa egiten ari ginen ikasleak identifikatzeko asmoz. Zuzendaritzak lehen unetik kolaboratu zuen Udaltzaingoarekin; Poliziari institutura sartzen utzi eta propaganda politikoa egiten ari zen ikasle baten datu pertsonalak eman zizkien udaltzainei". 

Horren kontra, "Unamunoko ikasle asanbladatik irmoki erantzuteko beharra" ikusi zuten, eta protesta-ekintza bat egin zuten: Abandoko udaltzainen komisaria seinalatzeko pankarta bat zabaldu zuten, "indar polizialak heziguneetatik kanporatzeko deia zabalduz". Handik hilabete ingurura jaso ditu bi isun ikasle batek, Mozal Legea aplikatu baitiote aipatutako ekintzagatik.

Maiatzaren 9an, ikasleak gertakariak salatzeko agerraldi bat egiten ari zirenean, institutura bertaratu zen Ertzaintza, eta modu bortitzean oldartu zen gazteen aurka. "Inpunitate osoz, zazpi ikasle ohi atxiki eta identifikatu gaituzte, azalpenik eman gabe", gaitzetsi zuen IAk. Polizia horretan ari zen bitartean, ertzainen beste lau auto iritsi ziren ikastetxera; hamabi ertzain sartu ziren barrura, eta beste zazpik inguratu zuten institutua. Ikasleek agerraldirako prestatutako materiala erretiratu zuten poliziek.

"Ezin dugu hau guztia normalizatzen utzi, indar errepresiboek hezkuntzan ez baitaukate inolako lekurik", defendatu du ikasle-antolakundeak: "Zuzendaritzaren inpunitatearen eta errepresio polizialaren aurka, ikasleria langileari antolatzeko deia luzatzen diogu".