argia.eus
INPRIMATU
Bartzelonako Ekonomia Solidario Migratzaile eta Anitzaren azokan oldartu da Polizia
  • Bartzelonako Coòpolis Ateneo Kooperatiboak bultzatzen duen Migrazioaren eta Ekonomia Solidarioaren Zirkuluak joan den urriaren 4an Katalunia Plazan antolatu zuen azokan sartu zen polizia. Ekitaldia aurrera eramatea eragozteaz gain, antolatzaileek eraso fisiko zein psikologikoak salatu dituzte. Babes eta atxikimendu kanpaina abiatu dute.

Ekain Carrasco Tellaetxe 2025eko urriaren 09a
Coòpolis

Bartzelonako kooperatibismo antiarrazistako sareak poliziaren erasoa jasan du Bartzelonan urtero antolatu ohi den feria batean. Bertan, migratzaileek eta pertsona arrazializatuek sustatutako ehun proiektu sozio-produktibo baino gehiagok bat egin zuten “beren lana eta hiriari egiten dioten ekarpena” agerian uzteko helburuarekin. 

Indarkeriarik gabeko gune segurua izan behar zuenak, ordea, Mossos d’Esquadra-ren oldarraldiarekin amaitu zuen. Coòpolisek jakinarazten duenez, “anbulantzietara sarbidea oztopatu eta, gainera, saltzaileak eta bertaratutakoak irten ezinik geratzea eragin zuen, beldurra, segurtasunik eza, deserosotasuna eta antsietatea sortuz”.

Poliziak, antolakuntza taldeko bi lagun jazartzeaz gain, 16 urteko adingabe bat plazatik indarrez atera eta lurrean eskuburdinak erabilita atxilotu zuela azaldu dute. Oldarraldiaren ondorioz, lesio ugari artatu behar izan zituzten, hala nola, belaun hautsi bat eta kolpeak saihetsetan, hanketan eta buruan. Indarkeria fiskoaz gain, antolatzaileek salatu dute parte hartzaileen artean deserosotasun psikologiko handiak eragin zituztela. 

Antolatzaileek irmoki gaitzetsi dituzte gertakariak. Ardura duen administrazioaren erantzukizuna exijitu eta “Bartzelonako hirian bizi diren pertsona guztien oinarrizko eskubideak babesteko konpromiso argia eta irmoa” eskatu dute, bereizkeriarik eta diskriminaziorik gabe. Gainera, babes kanpaina abiatu eta bertara atxikitzera deitu die Euskal Herriko kolektibo eta kooperatibei.

Baimen guztiak izan arren, polizia aurka

Ekintza horiek migratzaileek eta pertsona arrazializatuek antolatutako ekitaldi batean gertatu izana salatu dute antolakuntzatik, euren gorputzek egunero jasaten duten indarkeriaren parte baita. Azokaren helburua, horiek espazio publikoaren zentrora eramatea da, Katalunia Plazara hain zuzen.

Ekitaldiak beharrezkoak ziren baimen, protokolo eta betekizun guztiak betetzen zituen. Baina, hala ere, polizia ekitaldira sartu eta gorputz baztertuei espazio publikoan zentraltasuna izatea eragotzi die.