argia.eus
INPRIMATU
barra warroak
Politikoa ez den poesia idazteko
Behe Banda 2025eko ekainaren 02a
Behe Banda, Burhan karkoutly-en grabatuetan oinarrituta

Zein da otordu egoki baten proportzioa. Nondik dator egunero ahora eramaten dudan ogia. Zergatik ez dut goserik. Nork erabakitzen du zu ez zarela ni, gu ez garela berdinak. Nola egiten da janaria. Non altxatzen dira dorre garaiak eta non harresi mortalak. Nork jaten du eskuekin. Noiz arte existituko dira iraungitze-datak. Ezeren aurka ez banago, zeren alde nago.

Mapamundia zabaldu, esku bat luzatu hemendik Ekialde Hurbilera, irudikatu dezaket non gauden munduan. Nik kontinenteak ezagutzen nituen eta irakurtzeko gai nintzen herrialde, hiriburu, ibai eta mendikate. Bere desproportzioan, laukizuzen forma edo globoan, ni erdian ikusten naiz eta ni naiz, jende guztiak esaten du, munduaren neurria. Erregela batekin moztu daitezke herriak, infernua diruditen ezlekuak sortu, muga hilgarri batek zu potentzia bihurtu, kamera batez, zure gozamen pertsonalerako, eta konplizitate publikorako, sarraski oso bat, eta azkenik, zure izena ipini, gauzak izendatzen ditugunean existitzen baitira.

Konfinatu, sakabanatu, gatibatu, akabatu zibilizazio oso bat, horri genozidio deitzen zaio baina honek Palestina du izena

Beste estatu bat. Estatuak existitzen dira. Lurrak antolatzeko forma da. Normala. Estatu Sionista bat. Existitu beharko da. Leku guztietan dago bat. Estatu genozida bat.

Heriotza zenbaki bat da, ez du aurpegirik eta ez du mundu honen aldean bezainbeste balio. Konfinatu, sakabanatu, gatibatu, akabatu zibilizazio oso bat, horri genozidio deitzen zaio baina honek Palestina du izena. Ume batek ezin uler dezake injustizia, amorragarria zaio bere barruan zapalkuntzak ez ulertzea. Denok dakigu ezer ez dela kasualitatez gertatzen eta gerrara ohitu zintezke baina gerra egon badago.

Hil arte bizi da hango Erresistentzia. Maitasunerako hautua iraultza permanentea. Mundu osora zabaldu dadila erantzuleen, konplizeen, onuradunen, hiltzaileen zerrenda. Borrokatzea da biziraupenerako berme bakarra, bata askatzeko, bestea suntsitzea, ez dago erdibideko soluziorik. Zentzu batek altxa gaitzan egunero egin borroka, denok bizi gara zeru berdinaren pean. Elkartasuna, keinukoa baino, klasekoa. Gure anai-arrebak, zuen seme-alabak, bere aitona-amonak. Pobreen lubakira, batu alde ederrenera, beti Historiaren alde onean.