Espainiako Estatuan, bere burua goresten duen politikari orok, badaki ezin duela karrera politikoa nola hala amaitu. Kapitalarekin lotzen duen zilbor hestea ez da berehalakoan hautsiko. Energiaren sektorea da horren adierazgarri: presidenteak, idazkari nagusiak, ministroak… crème de la crème guztiak amaitzen du gas, petrolio edo elektrizitate enpresa nagusietako organoetan. Bruno Estrada ekonomialariak El diario.es-en dio, Espainiaren dependentzia energetikoak baduela zerikusirik horrekin.
Enpresa horietako administrazio kontseilu eta filialetan daude, besteak beste: Jose Maria Aznar (Endesa), Pedro Solbes (Enel), Josu Jon Imaz (Petronor), Elena Salgado (Chilectra), Felipe Gonzalez (Gas Natural), Jose Luis Olivas (Iberdrola), Narcís Serra (Gas Natural), Luis Carlos Croissier (Repsol), Miguel Angel Lasheras (Enagas)… Soldata ederrak jasotzen dituzte energiaren oligopoliotik.
Espainiako Estatua inportaturiko gas eta petrolioz hornitzen da nagusiki, kontsumitzen den energiaren ia %90 inportatzen du. Europaren bataz bestekoan egongo balitz, 19.000 milioi euro aurreztuko lituzke Espainiak, Estradaren arabera; defizita %2ra murrizteko moduan egongo litzateke eta ez luke kanpo zorrik egingo.
Eurostateko datuak eskuan, ekonomialariak dio energia berriztagarrietan %56 baino ez duela gora egin Espainiak azken hamarkadan, aldiz Alemaniak epe horretan %256 handitu zuen sektore hori.
Hau da, agintean izan diren politikarien eta energia oligopolioaren “interesen kolusioa” medio, ez da esfortzurik egin inportaturiko petrolio eta gasarekiko menpekotasuna gutxitzeko. “Gogoratu behar dugu, enpresa horiek erregulazioaren eta inbertsio publikoen baitan bizi direla hein handi batean. Orain euren administrazio kontseiluetan esertzen diren politikari horiek, aldez edo moldez hartu izan dituzten erabakien baitan, alegia”.