argia.eus
INPRIMATU
Polemika sareetan, Espainiako telebistak 'Loreak' filma gaztelaniaz bikoiztuta emititu duelako
  • Espainiako telebista publikoko bigarren kateak Loreak filma eskaini zuen igande gauean. Emisioak, ordea, ez zituen ikusle guztiak pozik utzi, filmaren bertsio originalaren ordez gaztelaniaz bikoiztuta eman baitzuten.

Gorka Bereziartua Mitxelena @gorka_bm 2017ko urtarrilaren 09a
Estreinatu zenetik zeresan handia eman du Jon GaraƱo eta Joxe Mari Goenagaren filmak. Ez ordea hizkuntza kontuengatik.

Versión Española saioaren barruan eskaini zuten Jon Garaño eta Joxe Mari Goenaga zuzendarien filma eta bikoizketarekin gustura ez zeuden herritarrek euren desadostasuna helarazi zioten programaren Twitter kontuari. Deigarria gertatzen da txio horietako gehienak ez dituztela erabiltzaile euskaldunek idatzi, erdaldunek baizik, bikoizketaren kalitate txarrak filmarekin gozatzea eragotzi diela esanez.

Jatorrizko bertsioa emititzeko baimena ETBrena da

Sortzen ari zen zalaparta ikusita, programak azalpenak eman ditu. Argudiatu du jatorrizko bertsioaren eskubideak esklusiboki ETBrenak direla eta horregatik ezin izan zutela euskaraz eskaini. “Bertsio originala defendatzen dugu. Zoritxarrez, beti ez da posible”, erantsi dute Twitterren zabaldutako mezuan.

ETBko aholkularitza juridikoko sailari galdetuta, azaldu dute euskarazko bertsioaren eskubideak EAEko telebista autonomikoaren esku geratzea ohiko praktika dela. “Diru kantitate garrantzitsu bat” ordaintzen du ETBk esklusibotasun horren truke, Ikus-Entzunezkoen Euskal Ekoizle Burujabeen Elkartearekin (IBAIA) hitzartutako konbenioan dagoen baldintzetako bat hori delako.

Esplikatu dutenez, alderantzizko kasuetan, ETBk gaztelaniazko film bat emititzeko TVEri baimena eskuratu izan dionean, beti ordaindu izan da baimen horren truke.

Polemikak polemika, Loreak euskaraz ikusi nahi duenak astelehen honetan bertan du aukera: ETB1ek 22:20ean hasiko zen Zinez saioaren barruan eskainiko du. Oraingoan bai, jatorrizko bertsioan.