argia.eus
INPRIMATU
‘Pokémon-Go’-ren sekretua: ongi hautatutako geralekuak
  • 75 milioi pertsonak dute dagoeneko Pokémon-Go jokoa beren mugikorretan eta egun Whatsapp baino denbora luzeagoz erabiltzen du jendeak. Gorantz ari da gainera. Baina jokoko Pokéballs-ak eta sariak dauden tokiak ez dira halabeharrezkoak eta hala azaldu dio Financial Times-i John Hake Niantic Labs-ko zuzendariak.

     

Sara Arruabarrena Azkarate @s8ara 2016ko abuztuaren 02a

Pokémon-Go-k jokalariaren kokalekua erabiltzen du haren inguruan Pokémon-ak azaleratzeko, harrapa ditzan. Leku hauek sarritan egunerokotasuneko txokoak izaten dira, eta beste batzuetan leku ospetsuak. Horiek guztiak datu base batean daude eta Niantic Labs enpresak kudeatzen ditu.

Pokémon-Go-rako Ingress jokoan ospetsu ziren tokiak erabiltzen ditu Nintendok. Eldiario.es-ek argitaratu duenez, John Hake Niantic Labs-ko zuzendarietako batek Financial Times-i azaldu zion “aplikazioko ordainketez gain, badago gure negozio ereduan bigarren osagarri bat; jokoan egoteko ordaintzen diguten babesleak”.

New Yorkeko pizzeria bateko jabeak azaldu zuen jatetxea jokoko geltoki bihurtu denetik %75 igo direla diru-sarrerak. McDonalds jada Nintendorekin negoziatzen ari da Japonian, dituen 3.000 jatetxeak jokoan sar ditzan.

Ingress jokoa, abiapuntua

Pokémon-Go jokoa ez da Nintendo enpresarena soilik, askok uste bezala. Herenaren jabea da Nintendo. Enpresaren gainontzeko %66a Pokémon Company International eta Niantic Labs enpresaren artean banatzen da.

2015eko urrira arte Google enpresarena zen Niantic Labs. 2010ean sortu zen eta bi urte beranduago plazaratu zuen Ingress jokoa: errealitate areagotua erabiltzen zuen. Mapan identifikatutako leku ugarirekin datu base bat egin zuten Nantic Labs-eko ingeniariek eta erabiltzaileek ere aukera izan zuten txoko gustukoenak bertan txertatzeko –bost milioi kokaleku izan ziren–.