argia.eus
INPRIMATU
Podemosek, haren ingurukoek eta IUk PSOE gaindituko lukete, CISen arabera
  • Pablo Iglesiasen alderdiak –En Marea, En Comú eta Compromísen botoekin batera— eta IUk botoen %23,1 lortuko lukete, eta botoen %21,6 PSOEk, Espainiako Ikerketa Soziologikoen Zentroaren (CIS) arabera. PPk irabaziko lituzke hauteskundeak –botoen %27,4 lortuta–, baina puntu bat jaitsiko litzateke abenduko hauteskundeekin alderatuta.

Ane Urkola Agirrezabala @irrikaz 2016ko maiatzaren 06a

Ciudadanos eta IU dira, abenduko hauteskundeekin alderatuta, boto igoera handiena izango luketen alderdiak. Ciudadanosek botoen %13,9 lortu zuen hauteskundeetan eta botoen %15,6 lortuko luke ekainean, inkestaren arabera. Inkesta apirilaren hasieran egin zen.

IUri dagokionez, botoen %3,6 lortu zuen abenduko hauteskundeetan, eta botoen %5,4 lortuko luke ekainean. Aitzitik, PSOEk ehuneko batzuk jaitsiko lituzke, eta Podemosek eta bere inguruko alderdiek –En Marea, En Comú eta Compromís– hiru puntu galduko lituzkete abenduko hauteskundeekin alderatuta.

Podemosek, En Mareak, En Comúk, Compromísek eta IUk bat egingo balute, PSOE gaindituko lukete, CISen arabera. Podemosek botoen %12 lortuko luke; IUk %5,4; En Mareak %1,5; En Comúk %3,8 eta Compromísek %0,4. Alderdi horiek botoen %23,1 lortuko lukete. PSOEk, aldiz, botoen %21,6 lortuko luke.

PPk irabaziko lituzke hauteskundeak botoen %27,4 lortuta. Boto batzuk galduko lituzke, %28,7 lortu baitzuen abenduko hauteskundeetan.

Podemos eta IU negoziatzen ari dira egun hauetan. Bat egingo ez  balute, ez lukete lortuko PSOE gainditzea. Botoen %17,7 lortuko lukete Podemos eta bere ingurukoetak, eta botoen %21,6 PSOEk.

Inkesta egin dutenen %11,5k adierazi du abstenitu egingo dela eta %15,9k onartu du ez dakiela nor bozkatuko duten.