argia.eus
INPRIMATU
Podemos-Ahal Duguk nafar parlamentari kritikoei aktak itzultzeko eskatu die
  • Herritarren Kontseiluak berretsi du ohar horretan, parlamentuan, Laura Perezek, Fanny Carrillok, Ruben Velascok eta Carlos Cousok hartutako bidea arduragabea dela eta talde parlamentarioaren araudia hautsi dutela. Euren aktak alderdiko beste kideei uzteko exijitu diete. Barne-gatazka delakoan oraingoz ez dute publikoki erantzunik eman lau parlamentariek.

Euskalerria irratia @fm983irratia 2018ko otsailaren 19a
Laura Perez (argazkian), Fanny Carrillo, Ruben Velasco eta Carlos Cousori eskatu diete beren diputatu aktak entregatzea. (Argazkia: Euskalerria Irratia)

Badira zenbait aste Podemos-Ahal Duguren baitan ez genuela albisterik, eta gaur, oharra iritsi zaigu. Oraindik espedientearen emaitzarik ez, baina horren aurretik oharra. Herritarren Kontseiluak berretsi du ohar horretan, parlamentuan, Laura Perezek, Fanny Carrillok, Ruben Velascok eta Carlos Cousok hartutako bidea arduragabea dela, talde parlamentarioaren araudia hautsi dutelako eta Herritarren Kontseiluko eskumenak ere. Modu antidemokratikoan aritzea ere leporatu diete, zuzendaritzaren kargua hartu dute eta baita erakundeetan Podemos-Ahal Duguren izenean aritzeko ere.

Gauzak horrela, Herritarren Kontseilua, erabakiak hartzeko organu gisara, lau parlamentariei eskatu diete koherentziaz jarduteko eta hartutako konpromisoak aintzat hartzeko. Euren akta uzteko eskatu diete eta beste alderdikideei lekua uzteko. Modu horretan bakarrik eskuratzen ahal da sortutako tentsioa apaltzea eta elkarbizitza hobetzea. Podemos-Ahal Duguren Herritar Kontseiluak azkenik helarazi duen mezua da, bat egiten segitzen dutela Programaren Gaineko Akordioarekin, alegia, aldaketaren gobernuarekin.

Kritikoen erantzun isila

Carlos Couso izan da gaur Mahai eta Eledunen batzarraren ondoren komunikabideen aurrera irten dena. Eta hain zuzen ere hedabideen aldetik jakin du Podemos-Ahal Duguren Herritar Kontseiluaren oharraren berri. Ez du baloraziorik egin nahi izan barneko kontuak direlakoan.

Albiste hau Euskalerria Irratiaren webgunean argitaratu da eta ARGIAra ekarri dugu CC by-sa lizentzia baliatuta