Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako 130.965 bizilagun txirotasunean bizi dira, 2016an baino %6,9 gehiago eta 2008n pobrezia pairatzen zuten %46en gainetik. Era berean, 270.294 bizilagun ongi-izatetik urrun daude. 2016an baino %17,3 hain zuzen ere.
Datu horiek Eusko Jaurlaritzaren Enplegu eta Politika Sozialetarako sailak emanak dira; 2018 urteari dagozkio. Datuak eremuko Beatriz Artolazabak sailburuak aurkeztu ditu, eta EH Bilduko Nerea Kortajarena legebiltzarkideak eman ditu ezagutzera: “Oso txarrak” direla adierazi du Kortajarenak, aldi berean, Iñigo Urkulluren gobernuaren politikarekin oso kritiko agertu da.
Urkulluren Gobernuak garatzen ari den politika sozialak “erabateko emendakina” merezi duela esan du ere EH Bilduko legebiltzarkideak.
Aipatutako datuei gehitu behar zaie pobrezia arriskuan bizi diren herritarren %8a: 172.307 bizilagun. Era berean, 121.659 pertsonak ez dituzte oinarrizko gastuak ordaintzen: alokairuak, hipotekak eta gainerako ordainketak atzeratzen ari dira.
Halaber, 46.149 larri eta 39.111 oso larri bizi dira, elikagaien gutxienekoa ez baituzte eskuratzen. Pobrezia sufritzen duten pertsonak (%44,7) bikoteak dira, seme-alabak dituzte; %29;40k guraso bakarren ardura dute. %19 bakarrik bizi dira, %6,8 seme-alabarik gabekoak izaki.Adin gutxikoek ere pobreziaren eragina jasaten dute. Hauetako %50,2k hamalau urte baino gutxiago dute.
Nerea Kortajarenak aditzera eman duenez, adierazle guztiek “2000 urtea baino lehenagoko egoerara bueltatzen ari garela” seinalazten dute. Bere ustetan, “ez dira ustekabeko datuak”, Eusko Jaurlaritzaren “euskal babes sozialerako politikaren eskubideak gero eta murritzagoak baitira”.