argia.eus
INPRIMATU
Pobrezia “normalizatu” ez dadin mobilizatzera deitu du Gunek
  • Ostiralean Bilbon eta azaroaren 7an Gasteizen egingo dira elkarretaratzeak, pobreziaren eta prekarietatearen aurka.

Nerea Ibarzabal Salegi 2014ko urriaren 16a
Eusko Jaurlaritzari pobreziaren aurkako "benetako neurriak" hartzeko eskatu diote, eta diru-sarrerak gizarte laguntzetara bideratzeko. (Arg: El País)

ELA eta LAB sindikatuak biltzen dituen Gune plataformak antolatu ditu bi mobilizazioak, Bilboko Eusko Jaurlaritzaren egoitzaren aurrean bata eta Gasteizko Legebiltzarraren aurrean bestea.

Ainhoa Etxaide LABeko idazkari nagusiak Eusko Jaurlaritzaren jarrera salatu du, diru-sarrerak areagotu egin direla esan arren, diru hori ez duelako gizarte laguntzetara bideratzen. “Zorra eta defizita ordaintzeko erabiltzen dira sarrerak, hau da, diru publikoa esku pribatuei ematen zaie”.

Urriaren 17a Pobreziaren Nazioarteko eguna izaki, gaiaz luze hitz egingo dela esan du Etxaidek, baina inork ez duela “benetako neurririk” proposatuko; “aberastasuna eta lana banatzea, babes soziala handitzea edo gutxieneko soldata hobetzea, dira neurri horietako batzuk, eta posible dira”.

Xenofobiaren eta populismoaren aurka

“Jokabide xenofobo eta populisten kontra agertu behar gara”. Adolfo Muñoz ELAko idazkari nagusiak horrela kritikatu du Gasteizko alkatearen jarrera, Javier Marotok (PP) sinadurak bildu nahi baititu Diru-sarrerak Bermatzeko Errenta mugatzeko.

Neurri horiek “pobreak pobreen aurka” jartzen dituztela adierazi du Muñozek, eta pobrezia “fenomeno natural” bat dela “sinestarazten” diotela gizarteari. “Pobrezia egungo politika ultraliberalen fruitua besterik ez da”.