argia.eus
INPRIMATU
Poble Lliure eta Endavant, CUP egituratzeko bi ikuspegi
  • Abenduaren 27an Sabadellen eginiko asanbladak zein iragan igandeko kontseilu politikoaren bilerak agerian uzten dute CUPen barruko zatiketa. Masen aukeraketaz harago, talde ezkertiarraren barruan mugimendua ulertzeko hainbat modu daude. Horretan zeresana du CUPek bi organizazio barnebiltzeak: Poble Lliure eta Endavant.

EƱaut Agirrebengoa Apaolaza @eagirrebeng 2016ko urtarrilaren 05
Endavanten pankarta murrizketen aurkako manifestazio batean (Arg: La Directa)

Hauen desberdintasunen inguruan artikulu bat argitaratu zuen La Directa agerkariak joan zen abenduaren 3an. Duela hilabetekoa da, baina gako garrantzitsuak ematen ditu CUPen barruan uneon bizi den egoera ulertzeko.

CUPek jokatu beharreko paperari dagokionez, artikuluak jasotzen du Poble Lliureren arabera hautagaitza independentismo apurtzailearen topagune izan beharko litzatekeela. Endavantek, aitzitik, CUP mugimenduaren tresna elektoral legez ikusten du, eta gainontzeko kolektiboen pisu bera eduki beharko luke.

Poble Lliureren aburuz, instituzioetan parte hartzea urrats ezinbestekoa da independentziaren aldeko gehiengo soziala lortu eta prozesu konstituziogileak azkartzeko. Endavantek ez du eskenatoki hau arbuiatzen, baina uste du parte hartze elektorala ezin daitekeela xede nagusia izan. Organizazio honentzat kontraboterea oinarritik eraikitzea litzateke jomuga garrantzitsuena.

Ezker independentistaren egituraketa eta sendotzearen inguruan ere ikuspuntu desberdinak dituzte. Poble Lliurek Kataluniako Asanblada Nazionala bezalako independentsimoaren espazio transbertsaletan parte hartzearen alde egiten du, Endavantek ANC bezalako egiturak kitikatzen dituen bitartean, eskuinak gidatzen dituela argudiatuta.

Herrialde Katalanen independentziari dagokionez, Poble Liureren aburuz hau faseka lortu behar da, egoera bakoitzean egokienak diren tresnei so eginez. Endavantek, ordea, lurralde osorako estrategia bateratua izatea defendatzen du. Honen iritzirako, autodeterminazioa zatika garatzea eraikuntza nazionalerako galga izan liteke.

Zatiketa, “oso kaltegarria” Kataluniako ezker apurtzailearentzat

Sabadelleko asanbladako ezusteko berdinketaren inguruan analisi sakona egin du Roger Palák El Critic atariko bere blogean, sei punturen bidez. Horietako batean azaltzen denez, asanblada honen emaitzak talde ezkertiarra bitan banatuta dagoela erakusten du, eta hori eszenatoki “oso kaltegarria” ei da Kataluniako ezker apurtzaile zein gizarte mugimenduentzat. “Izan ere, barne haustura izateko arriskua dago”.

Bestalde, beste puntuetako batek jasotzen du CUPen barruan jende askok Mas inbestitzearen alde egin izanak erakusten duela hauteskundeetara aurkezturiko marra gorria –Mas ez babestea– ez zela zirudien bezain sendoa. Horren harira, CUPen jarrera kontraesankorra izan dela azaldu du.