Mugarik Gabeko Medikuak elkarteak sinadura bilketa abiatu du Espainiako Estatuan, Pfizer eta GSK farmazeutikei eskatzeko pneumoniaren aurkako txertoaren prezioa erdira jaitsi dezan garapen bidean dauden herrialdeetan.
35 segundoan behin ume bat hiltzen da pneumoniaren eraginez, elkarteak jakinarazi duenez. Pfizer eta GSK farmazeutikek sendagai eraginkorra fabrikatzen dute, baina mundu osoko umeen %75 gaixotasun horren kontra immunizatu gabe daude oraindik. "Arrazoi nagusia sendagai horren prezioa da", diote Mugarik Gabeko Medikuek. "Txerto horri esker aipatu bi farmazeutikek 26.000 milioi euro irabazi dituzte. Eskatzen diegu txertoen prezioa erdira jaisteko, bakoitzeko 9 eurotik 4,5 eurora, garapen bidean dauden herrialdeetan eta erakunde humanitarioentzat".
Helburua 400.000 sinadura lortzea da –350.000 baino gehiago lortu dituzte jada–. Ostegunean bi farmazeutikek Espainian dituzten egoitzetan entregatuko ditu MGM elkarteak sinadura guztiak.
Farmazeutiken politikaren aurka
Gisa honetako ekimenak maiz abiatu ditu aipatu elkarteak. Pasa den hilean, esaterako, Pfizer enpresari eskatu zion txertoaren patentea moldatzeko, Indiako herritar gehiagok izan dezaten hura eskuratzeko aukera. Halaber, sendagaien prezioa merkatzeko eskaera sarri egin du.