Plentziako institutuko irakasleak aurretik salatutako jazarpen egoerak ikastetxeak berak kudeatu dituela azaldu du Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Politiketako sailburuorde Lucia Torrealdayk. Orain, ordea, Jaurlaritzak jarri du abian protokoloa. Sailburuordeak baieztatu du inplikatutako ikasleek 12-13 urte dituztela.
Pasa den asteburuan izan genuen irakaslearen kontrako jazarpenaren berri. Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak jakinarazi duenez, Bizkaiko Adingabeen Fiskaltza ari da gertatutakoa ikertzen, Uribe Kosta institutuko irakasleak salaketa jarri ostean, urteetan zehar jasandako erasoengatik. Azken erasoa Halloween gauean gertatu zen, urriaren 31n. 50 bat gaztek arrautzak eta limoiak jaurti zituzten irakaslearen etxebizitzaren aurka (Gorlizen), hura iraintzen zuten bitartean.
Ustez inplikatutako ikasleek 12-13 urte dituztela baieztatu du Jaurlaritzako Hezkuntza Politiketako sailburuorde Lucia Torrealdayk, alegia, DBHko lehen eta bigarren mailako ikasleak direla ia denak. Azaldu duenez, Hezkuntza Sailak urriaren 31ko gertakarien ondoren izan zuen lehenengo aldiz egoeraren berri, aitortu arren aurretik ere salatu zituela irakasleak jazarpen egoerak. Horiek, baina, ikastetxeak berak kudeatu zituen. Orduko horiek hezkuntzaren eta tokiko esparruan bideratu zirela esan du sailburuordeak, eta hartutako neurriekin egoerak "hobera egingo zuela" pentsatu zutela.
Azken erasoaren berri izan eta gero, ordea, ikastetxe publikoetako langileen kontrako erasoen kasuan aplikatzen diren protokoloak abiatu ditu Jaurlaritzak. Instruktore bat arduratuko da informazioa biltzeaz, eta ostean erabakiko da ikasleen kontrako zein neurri hartuko den. "Ikasleak adin txikikoak dira eta neurriak hezkuntza mailakoak izan beharko dira", adierazi du Torraldayk, eta gaineratu neurrietako bi izan daitezkeela gizarte-lanak egitea eta, "salbuespenezko kasuetan", ikasleak institututik aldi baterako kanporatzea. Zentzu horretan, EH Bilduk nabarmendu du adingabeak daudenez inplikatuta, gaia "delikatua" dela eta modu zuhur eta diskretuan aritu beharra dagoela: "Hori bai, Hezkuntza Sailari azalpenak eskatuko dizkiogu kasuaren zer jarraipen egin den eta hartu beharko ziren mekanismok huts egin duten ala ez identifikatzeko. Jakin dugunez, duela zortzi urtetik gertatzen da jazarpena, eta, beraz, zerbaitek huts egin du, zalantzarik gabe".
Zortzi urtez, garai berean beti
Plentziako Uribe Kosta institutuko eskola kontseiluak gutuna helarazi die familiei, Gure komunitatean bizikidetza gizalegezkoago baten alde izenburupean, non dioen irakasleak urteak daramatzala "jazarpen" jarduerak jasaten, EITBk jaso duenez. Erasoak, gainera, garai berean gertatzen dira beti, Halloween gauean. "Bullying delitu baten aurrean gaudela esan genezake", dio oharrak.
Ikastetxeak azaldu du aurten erasotzaile kopurua nabarmen handitu dela, ez direla beti pertsona berberak, baina bai DBHko ikasleak. Hasiera batean, ikasleek desgaitasuna duen familia bati egin zioten eraso, eta irakasleak familia hura defendatzean ekin zioten hura ere jazartzeari. Gertaeretan inplikatutako ikasleak elkarrizketatu ondoren, 23 ezohiko prozedura ireki zituen ikastetxeak.
Ikas-bidaia bertan behera uzteagatik protestan
Bien bitartean, institutuko DBHko 4. mailako ikasleek elkarretaratzea egin dute astelehenean, ikastetxeak bertan behar utzi dituelako eskolaz kanpoko jarduera guztiak. “Jazarpenaren aurka gaude, eta gertatu denak ez du justifikaziorik, baina ez dago ondo ezer egin ez dugunoi ikasketa bidaia kentzea”, salatu dute ikasleek. Gogorarazi dute aurretik gertatutako beste jazarpen kasu batengatik zigortu zituztela, eta lezioa ikasi dutela jada.