argia.eus
INPRIMATU
Plastiko konpostagarrizko poltsak ohikoak baino toxikoagoak dira
  • Plastiko konpostagarrien poltsetan toxikotasun handia dagoela frogatu dute Espainiako Ikerketa Zientifikoen Kontseilu Nagusiko (CSIC) ikertzaileek, in vitro egindako azterketa batean. Gainera, ikusi dute toxikotasun hori handitu egiten dela fotodegradazioarekin, hau da, izpi ultramoreek haietan eragiten dutenean.

Ana Galarraga @AnaGalarraga1 Elhuyar @elhuyaraldizk 2023ko urriaren 05a
Poltsa konpostagarriak ohikoak dira fruta- eta barazki-saltokietan. Argazkia: Unsplash/CSIC

Journal of Hazardous Materials aldizkarian argitaratu dute lana. Haren arabera, hiru plastiko-mota alderatu dituzte: konpostagarria, lehen erabilera zuen plastikoa, eta plastiko birziklatuz egindakoa. Zehazki, haien toxikotasuna neurtu dute, zebra-arrainen zelula-lerroetan, hiru modutara: zuzenean, poltsetako laginetatik abiatuta; izpi ultramorez zahartzearen simulazioa eginda (fotodegradazioa); eta kalitatezko ongarri edo konposta bihurtu ondoren, geratzen ziren poltsen zati txikiena. 

Ondorioa, hauxe: poltsa biodegradagarria egiteko ekoizleek eransten dituzten gehigarri kimikoak bereziki toxikoak dira. Horrekin lotuta, plastiko birziklatuzko poltsak ere ohikoak baino toxikoagoak dira.

Ohartarazi dutenez, konposta egitean poltsa konpostagarriak erabiltzean, konposta kutsatzen dute, eta, horrek, noski, eragin kaltegarria izan dezake ingurumenean eta bizidunetan. Hortaz, ezinbestekotzat jo dute poltsetan erabiltzen diren substantzien migrazioa eta ekotoxikotasuna sakon ikertzea, eta arau-esparru egokia ezartzea, ebidentzia zientifikoan oinarritua.

Ikerketan ezin izan dituzte identifikatu poltsa konpostagarri horiei erantsitako konposatu kimiko zehatzak, gehigarri asko patentez babestuta baitaude. Edonola ere, poltsa biodegradagarri guztiek antzeko toxikotasun-maila dutela ikusi dute.