Plastiko beltzen atzeko isiltasunak dioena

  • Irailak 8 Hondarribian:  beste edozein herritan bezala ospatu behar litzatekeen festa bi bandotan zatituta pasako dute herritarrek; 1996an emakume batzuk jai handiko Alardean parte hartzen saiatu zirenetik, eta herritar ugari horren kontra oldartu zenetik, gatazkak ez du konponbiderik, sustraiak botatzen ari da. Zein mekanismok betikotzen dute?


2015eko irailaren 08an - 12:42
Emakumeek Alardean parte hartzearen aurkako protesta astearte goizean Hondarribiko Kale Nagusian (argazkia: @theklaneh bidez).

Hemeretzi urte hauetan emakumeek soldadu bezala desfilatu dezaketen Jaizkibel konpainiak mota askotako boikotak jasan ditu, Kale Nagusiko espaloietan jartzen den plastiko beltza jaietako ikono triste bihurtzeraino. 2015eko goizean, azken urteetan baino lasaitasun handiagoarekin desfilatu ahal izan dute, plastikoak bai, baina konpainia parekidearen kontra ohikoa bihurtua zen irain sorta entzun gabe. Irakurketa baikorrek aurrerapausotzat joko dute hori, lehenbiziko urteetan ez baitzen posible izaten desfilea egitea ere.

Goizaren balorazio nahiko positiboa egin dute Jaizkibeleko bozeramaileek Hondarribiko Hitzan irakurtzen denez. Baina emakumeek parte hartzearen kontrako protesta mututu den arren, konponbiderik ez da aurreikusten epe laburrean.

Emakumeak emakumeen kontra?

Bestelako irudiak ere utzi ditu goizak eta gatazka nola egituratu den ulertzeko balio dute. Jaizkibelek kale nagusiko igoera abiatu aurretik egin duen geldialdian, konpainiako kide batek baino gehiagok hitz egin du beste konpainietako gizonekin –momentu horretan emakumeek kantinera gisa bakarrik parte har dezaketen talde batzuk alde zaharraren kanpoaldeko tabernetan zeuden–; argazkiak atera dizkiote elkarri, festez hitz egin dute giro onean.

Izan ere, proiektatzen den irudi publikoan, gizon gehienak bigarren planoan utzita, Alarde parekidearen aurka gogorren egin dutenak beste emakume batzuk izan dira. Eta ez da erraza horren zergatia esplikatzen: Jaizkibelek desfilea bukatu ondoren, bertan parte hartu duten zenbait emakumek azaldu dutenez, plastiko beltzaren atzeko protestaren bidez hasi dira neska eta emakume asko Alardean “parte hartzen”.

Zentzu bat eman zaio jazarpenari eta jarrera hori ez hartzeak zaildu egiten du herriko emakume askoren ametsa betetzea: gizonak nagusi diren Alardean kantinera izatea. Zenbaiten ustez, ezkontzarekin batera, euren bizitzako egunik inportanteena da. Funtsean, emakume-identitate partikular bat eraiki da azken urteetan desfile parekidearen aurka eta baztertzailearen alde.

Antolatutako protesta

Eta identitate hori indartzeko, antolatu egin dira. Urtero, jaien aurretik, irailaren 8a prestatzeko bilerak deitzen ditu Hondarribiko Emakumeok taldeak. Joan den astean Jaizkibel konpainiaren entseguak abiatzen ziren lekuan talde horrek sinatutako pankartak agertu ziren, erdara hutsean, plastiko beltzen defentsa eginez eta Alarde baztertzailearen aldekoek jasaten duten “diskriminazio instituzionala” salatuz –berdintasun legeak eta Arartekoa bezalako erakundeek gaiari buruz argitaratu dituzten oharrak sailkatzen dituzte “diskriminazio” horren barruan, besteak beste–.

Egoera hori izanda, “betiko” Alardean parte hartzen duten gizonak daude erosoen: gazteenen arteko batzuek elkarrizketa informaletan emakumeek soldadu gisa parte hartzearen aldeko jarrera ere adierazten dute, Jaizkibeleko kideek diotenez. Bitartean, desfile parekidearen aurka egitearen zama nagusia emakumeen esku uzten dute.

Uzkurkeria instituzionala

Ez Hondarribiko alkateak, ez Gipuzkoako Foru Aldundiak: erakunde publiko horietako ordezkariek ez diote harrerarik egin Alarde parekideari. Hondarribian bertan bizi den Markel Olano Gipuzkoako ahaldun nagusiak (EAJ) argudiatu duenez, bere presentziak “tentsioa” areagotuko zuelako hartu dute erabakia.

Antzeko jarrera azken hauteskundeetan Olanoren alderdi bereko zerrendan independente gisa lehen postuan joan zen Txomin Sagarzazu alkatearen partetik, nahiz eta Jaizkibelekin bildu den jaien aurretik, konpainiak berak publiko egin duenez. Keinu esanguratsutzat jo daiteke, herria 2006tik 2015era gobernatu duen Aitor Kerejeta jeltzalea ezaguna egin baitzen Alarde parekidearen kontrako adierazpen nabarmenegiak egiteagatik.

Nolanahi, oinarrizko bizikidetza errespetatzen ez den egoera batean, kosta egiten da agintarien uzkurkeria ulertzea. Hain handia ote da Alarde baztertzailearen aldekoek egiten duten lobby lana? Ala agintean den alderdiarentzat konpondu beharreko problema baino, boterean irauteko tresna bihurtu da gatazka hau?

Hauteskunde-analisietan aritzen direnek esan ohi dutenez, bozketa bakoitzak bere gai zentralak ditu eta horietan nagusitasun posizioan kokatzeko gai denak bere irabazteko aukerak biderkatzen ditu. 1996tik herria hainbeste polarizatu duen aferan EAJk hartu duen jarrerak bototan emaitza onak eman dizkio. Are gehiago, iaztik –eta Alardearekin lotutako eztabaida batetik abiatuta–, oposizioko indar nagusia (EH Bildu) bitan zatitu zenetik.

Hauteskundeak botoen %52 baino gehiago lortuta irabazteak asko laguntzen du “tentsioa” jaisten. Irabazlearen tentsioa, batez ere.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Hondarribiko alardea
Jaizkibelek elkarrizketa mahai bat bideratzeko eskatu dio Hondarribiko alkateari

Konpainia parekideak 2023ko jaien eta irailaren 8ko alardearen balorazioa egin du, eta aurtengoa "urte pozgarria" izan dela azpimarratu. Nabarmendu du udalak egindako keinuek lagundu dutela elkarbizitza espazioak sortzen, baina alarde baztertzaileari ere harrera egitea... [+]


Jaizkibeli ere harrera egin dio lehen aldiz Hondarribiko alkateak

Arartekoak ostiralean jakinarazi du azkenean ez duela alarde baztertzailea agurtuko. Halere, Hondarribiko alkateak, Gipuzkoako ahaldun nagusiak eta Eusko Jaurlaritzako Giza Eskubideen sailburuordeak emakumeak baztertzen dituen alardeari harrera egin diote.


"Nor dira haiek, guztiona den ondarearen inguruan herri osoaren izenean hitz egiteko?"

Hondarribiko alardearen bezperetan, alarde tradizionalaren baitatik sortutako proposamenez, udal aldaketak zabaldu ditzakeen ateez eta Gipuzkoako ahaldun nagusiak iragarritakoaz (alarde tradizionalari eta Jaizkibel konpainia parekideari egingo diela harrera) hitz egin dugu... [+]


Hondarribiko hurrengo alkatearentzako gutuna plazaratu du Guztion Alardeak

Hauteskundeen ondoren zabalduko den aro berri honetako alkatea "konponbidearen alkate bilakatzea" espero du Guztion Alardeak.


Guztion Alardeak egindako proposamenekiko desadostasuna agertu du Alarde Fundazioak

Bilera izan berri dute bi aldeek. Guztion Alardeak bere diagnostikoa eta zenbait gogoeta plazaratu zituen bilera horretan, eta fundazioak hauekiko desadostasuna agertu zuela esan dute.


Eguneraketa berriak daude