argia.eus
INPRIMATU
Plastiko beltzen artean desfilatu du aurten ere Alarde parekideak Hondarribian
  • Hondarribiko Alardean aurten istilurik egon ez bada ere, plastiko beltzen artetik desfilatu behar izan du beste behin Alarde mistoak. Ertzaintzak hainbat agindu eman zituen: Talde mistoari eskatu zitzaion pankartarik ez ateratzeko eta ez egiteko manifestazio itxuran, eta talde tradizionalari plastiko beltzik ez jartzeko kaleetan. Alarde mistoa antolatzen duen Jaizkibel konpainiak esan du tradizionalaren aldekoek ez dutela beren partea bete.

Itsaso Zubiria Etxeberria 2013ko irailaren 09a
Aurten ere Alarde mistoak plastiko beltzen artean desfilatu badu ere, Jaizkibel konpainia gustura azaldu da aurten emandako pausuekin (Argazkia: Idoia Zabaleta, Argazki Press).

Parte Zaharrean eta Kale Nagusian atera zituzten plastiko beltzak eta “Betiko Alardea” leloa zeramaten kartelak. Ondoan izan zituzten, bestalde, Alarde parekidea txaloka babestu duten herritarrak ere. 08:25ean hasi zen Jaizkibel konpainiaren desfilea 400 bat partehartzailerekin, eta hau bukatzean abiatu zen Alarde konpainiak antolatutakoa. 5.000 gizon inguruk desfilatu zuten Alarde tradizionalean.

Talde mistoko kapitain Izaskun Larruskain pozik agertu da plastiko beltzen presentziaren gainetik. Aurten pauso handiak eman direla zehaztu du eta “Jaizkibelek duen ametsa gertuago” ikusten dutela esan du: Alarde publiko eta parekide bat izatea. Ertzaintzaren aginduaz esan du: “Guk gurea bete dugu, besteek ez dute beraiena bete”.

Desfile tradizionalean parte hartutakoek egunaren balorazio positiboa egin zuten ezustekorik egon ez zelako. Ez dute aipamenik egin desfile mistoan ateratako plastiko beltzen inguruan.

Hondarribiko alkate Aitor Kerejetak esan du: “Ebazpen bat zegoen alde bientzat. Ez dakit zehaztasunez bete den, baina Barne Kontseiluak hartuko du erabakia”.

Hemen Jaizkibel konpainiaren desfilea, Berriak egindako bideoa: