"(Espainiako Gobernuak) CEOE patronalaren eta EAJ-Confebask osatutako bikotearen presioei men egin die. Gobernuak lanera itzultzeko erabakia hartu du, adituen batzordearekin kontsultatu ere egin gabe", adierazi du LABeko idazkari nagusiak. Erabat baztertu du Jaurlaritzaren jarduera abiatzeko plana, "ez baitu sindikatuaren ekarpen bat bera ere jaso". Oinarrizkoa ez den industria jarduera berrabiatu bezperan, mezu hau zabaldu du: "Langileoi antolatu eta borrokatu beste biderik ez zaigu geratzen lan osasunaren eskubidea bermatzeko".
Apirilaren 14an oinarrizkoa ez den industria jarduera abian jarriko dute berriz Hego Euskal Herrian. Horren harira Garbiñe Aranburuk agerraldia egin du: "Enpresetan sindikatuekin prebentzio plan bat adostu ezean, jardueraren abiatzea saihesten saiatuko gara, langileak plantora deituz".
Aranburuk horrela planteatu du egungo dikotomia: "Osasuna eta gehiengo soziala versus kapitala salbatzea". Espainiako Gobernuak adituen batzordearekin kontsultatu gabe hartu duela erabakia salatu du: "Etetea beranduegi iritsi zen neurria izan zen eta oso gutxi iraun du, eta OMS erakundeak jada ohartarazi du erabaki goiztiarrek heriotzen hazkunde bat ekarri dezaketela. Bitartean, Madrilgo Gobernuak alarma egoera luzatu du, baina CEOE patronalaren eta EAJ-Confebask osatutako bikotearen presioei men egin die. Gobernuak lanera itzultzeko erabakia hartu du, adituen batzordearekin kontsultatu ere egin gabe".
LABek "erabat baztertu" du Jaurlaritzaren jarduera abiatzeko plana, "ez baitu sindikatuaren ekarpen bat bera ere jaso: Jaurlaritzari manipulatzeari utz diezaiola eskatzen diogu, planak sindikatuen oniritzia duela zabaltzerakoan. Gezurretan ari da", esan du Aranburuk.
Albiste honetan irakur daiteke LABek Jaurlaritzaren jarduera abiatzeko planari egindako ekarpenetan jaso zituen hiru eskaerak.
"Gobernuek euren erabakiekin enpresa handien interesak lehenetsi dituzte. Erabat ezgai dira herritarren osasuna bermatzeko" salatu du Aranburuk eta adierazi du ostalaritza, tokiko ekoizleak, autonomo txikiak eta halako hainbat sektorek "oso kolpatuak bukatuko dutela" eta ondoro sozialak "biziki larriak" izango direla. Horren aurrean, irtenbide hau planteatu du: "Langileoi antolatu eta borrokatu beste biderik ez zaigu geratzen lan osasunaren eskubidea bermatzeko, zerbitzu publikoak sendotu ditzaten eta zaintza lanen arazoari konponbidea eman diezaioten, enplegua eta lan baldintzak mantendu ahal izateko".