Manifestazioaren iragarpena Turistifikazioaren aurkako Europa Hegoaldeko sareak (SET) Bartzelonan antolatutako topaketen harira egin dute. "Turismo-monolaborantzaren aurka" deitu dute eta Europa Hegoaldeko hamabost eragile inguru batu zaizkie.
Turistifikazioari mugak ezartzearen kontzientzia kolektiboa gero eta handiagoa dela dio BiziLagunEkin elkarteak, eta testuinguru horretan sortu zela 2018an Turistifikazioaren kontrako Europa Hegoaldeko sarea (SET). "Turismo-monolaborantzaren" eragina jasaten duten pertsonak saretzeko, hiru eguneko topaketak antolatu dituzte Bartzelonan, eta "elkarri entzuteko eta eztabaidatzeko" egunak izan direla jakinarazi dute.
"Lurraldetako egoerari eta kolektibo parte hartzaileen ekintzari buruzko elkarrizketak, tailerrak eta eztabaidak", egin dituzte. Jardunaldiei amaiera emanez, eta, lurraldeen artean koordinatutako mobilizazioak abiarazteko, ekitaldi sinboliko bat egin dute Bartzelonako Familia Santuaren tenpluan. Ekitaldi horretan, ekainaren 15eko manifestazioaren berri eman dute.
Adierazi dute "turismo-monolaborantzaren" aurka egingo dutela, lelo komun batez eta lurraldeen artean koordinatuz, eta Europa hegoaldeak turistifikazioaren aurka duen ahotsa "kontinente osoan eta haratago" entzungo dela. Mobilizazioaren helburua da "planeta suntsitzen duen su turistikoa amaitzea eta ustiatzen dituen lurraldeen ezinbesteko eraldaketa sozioekonomikoa behingoz hastea". Mobilizazioetara hainbat kolektibo batu dira: Bilbokoak, Kanariar uharteetakoak, Kantabriakoak, Donostiakoak, Eivissakoak, Iruñekoak, Genovakoak, Lisboakoak, Mallorcakoak, Milanekoak, Napolikoak, Palermokoak, Pirinioetakoak, Valentziakoak, Veneziakoak eta Bartzelonakoak.