Abdulllah Öcalan PKK-ko buruak berriz ere eskatu du armak uzteko, Imrali espetxe barruan egindako bideo batean. Gerrillaren "oinarrizko" helburua egintzat eman du, eta ziurtatu du Turkia prest dela herri kurdua aitortzeko.
PKK Kurdistango Langileen Alderdiari armak entregatzeko eskatu dio bere buruzagi historiko Abdullah Öcalenek preso dagoen Turkiako Imraliko espetxetik. Ekainaren 19an grabaturiko bideo batean –ANF Firat News Kurdistango albiste agentziaren bidez zabaldua– azaldu du borroka armatuaren garaia amaitu dela: "Ez dut armen boterean sinesten, politikaren eta bake sozialaren boterean baizik", azaldu du.
Espetxean dauden hainbat alderdikidez inguraturik, duela mende laurden baino gehiago Turkiak preso duen PKKren liderrak azaldu du "nazio askapenerako gerra estrategia" amaitu dela eta Kurdistanek lortu duela bere "oinarrizko" helburua, hau da, Turkiak herri gisa aitortzea.
Öcalanek otsailean egin zuen armak uzteko deia, eta horren ondotik PKK-k borroka armatua utzi eta erakundea desegitea erabaki zuen. Armagabetze prozesuan Turkiako Kongresuan pisu handia duen DEM alderdi ezkertiarra du bidelagun PKK-k, eta Recep Tayyip Erdoganen gobernuarekin negoziazioak aurrera eramaten laguntzen ari zaio.
Armak uzteko ekimena laster
Armagabetze horren lehen ekitaldia aurki egingo dutela iragarri du Rudaw telebista kateak, Irakeko Kurdistanen Sulaimaniyan PKK-k dituen kanpalekuetatik gertu; ekitaldi sinboliko bat izango da eta gerrillari talde batek burutuko du.
Nolanahi ere, Öcalanek esan du prozesuak "gardena" izen behar duela eta horretarako funtsezko jo du Turkiako Parlamentuan osaturiko batzordearen parte hartzea. Ankarak, bere aldetik, esan du ez duela prozesua oztopatuko.
1984an abiatu zuen PKK-k Turkiaren aurkako borroka armatua, eta Nazio Batuen Erakundearen arabera 45.000 hildako inguru eragin ditu gatazka armatu horrek.