Antolakunde armatu kurduak bere 12. kongresuan hartu du erabakia, Abdullah Öcalan buruzagi historikoak otsailean eginiko eskaerari jarraituta. 1984an abiatu zuen PKK-k Turkiaren aurkako borroka armatua, eta Nazio Batuen Erakundearen arabera 45.000 hildako inguru eragin ditu gatazka armatu horrek. Ankarak gerrillari eskatu dio desegitea "guztizkoa" izatea, armen entregarekin eta "PKKri loturiko legez kanpoko egitura ororen" desagerpenarekin.
Firat berri agentzia kurduak eman du PKK Kurdistango Langileen Alderdia antolakunde armatu kurduaren erabakiaren berri, astelehen goizean. Joan den astean gerrillak bere 12. kongresua egin zuen Irakeko Kurdistanen eta, berri agentziaren arabera, bertan hartu zuen armak uzteko erabakia. PKK-k ohar bidez adierazi du erabakiak Abdullah Öcalan buruzagi historikoak otsailean eginiko adierazpenei erantzuten diela. Gerrillaren sortzaileetako bat da Öcalan –1999tik dago atxilo Imraliko (Turkia) espetxean–, eta adierazpen hartan PKKri armak albo batera utzi eta bere burua disolbatzeko eskatu zion.
Gerrillak "PKKren izenean eginiko ekintza armatuei" amaiera emango diela iragarri du: "PKKren borrokak gure herriari ezarritako ukazio eta suntsiketa politika hautsi du, kurduen auzia politika demokratikoaren bidez konpontzeko puntura eramanez, eta, horrela, bere zeregin historiko bete du". Öcalanek otsaileko deia egin eta gutxira, martxoaren hasieran, gerrilla kurduak erabateko su-etena deklaratu zuen, eta borrokaren beste garai bat hasiko zela azaldu, politika demokratikoaren bidez "ontasunaren, justiziaren, edertasunaren eta askatasunaren" aldekoa. Hori iragarri eta bi hilabetera heldu da bide horren itxiera antolakunde armatuaren desegitearekin.
Aurreikusitako amaiera
Duela lau hamarkada abiatu zuen PKK-k Turkiaren aurkako borroka armatua, eta NBE Nazio Batuen Erakundearen datuen arabera, gatazka horrek 45.000 hildako baino gehiago eragin ditu. Öcalanek eta Turkiako Gobernuak joan den urte amaieran abiatu zituzten bake negoziazioak, eta Turkiako eskuin muturreko alderdiko buru Devlet Bahcelik eman zuen horren berri, zenbait eskaintza egitearekin batera. Horietako bat buruzagi kurduaren bizi osoko kartzela zigorra baztertu eta bere espetxe zigorra 25 urtera mugatuko lukeen lege prozedura bat abiatzea zen.
Bahcelik Turkiako Parlamentura joateko gonbita ere egin zion Öcalani, han PKK-k armak uzten zituela berak iragartzeko. Buruzagi kurduak Recep Tayyip Erdogan Turkiako presidenteak eta herrialdeko beste hainbat alderdi politikok erakutsitako "bakerako borondatea" goraipatu zituen, eta adierazi zuen borroka armaturi amaiera emateko baldintzak sortzen ari zirela. Turkiako Gobernuak, Erdoganen eta Yasar Guler Defentsa ministroaren bitartez antolakunde armatu kurduari eskatu dio arma guztiak entrega ditzala, baita "PKKri loturiko legez kanpoko egitura oro" ezabatu dezala ere.
"Mugarri historiko bat" DEM alderdiarentzat
Gerrilla kurduak astelehen goizean iragarritakoaren harira, DEM Berdintasunaren eta Herrien Demokraziaren Aldeko Alderdiak zortzi puntuko ohar bat argitaratu du. Komunikatu horretan alderdiak PKK-k hartutako erabakia "mugarri historiko bat" dela adierazi du, eta pauso garrantzitsu bat bakera bidean. Hain zuzen, kurduen alderdi horrek 56 eserleku ditu Turkiako Asanblea Nazionalean –guztira 600 aulkik osatzen dute–, eta azken hilabeteetan Turkiak kurduen aurkako errepresioa areagotzearen ondorioak pairatu ditu: Turkiako Fiskaltzak urte hasieran herrialdeko bederatzi udaletako alkateak –gehienak DEM alderdikoak– atxilotzea agindu zuen PKKrekin loturak zituztela argudiatuta.