Abdullah Öcalan buruzagiak PKKri otsailaren 27an eskatu zion armak uzteko. Taldeak egin duen adierazpenean babes osoa agertu dio buruzagiari eta Öcalanek eskatutakoa betetzeko konpromisoa adierazi du.
PKK-k, Kurdistango Langileen Alderdiak, Abdullah Öcalan buruzagiaren deiari erabateko babesa eman dio eta adierazi du Öcalanek egindako iragarpenari jarraituko diotela eta gauzatu egingo dutela, bere ikuspegitik. Erabakigarritzat jo du adierazpenaren edukia arrakastaz ezartzea. Hala ere, azpimarratu du arrakasta izateko, marko politiko eta legal demokratikoek “egokiak” izan behar dutela.
Berehalako su-etena deklaratu du PKK-k, eta erasorik ez badute jasaten, ekintza armatuetan ez dutela parte hartuko gehitu du. Armagabetzea Öcalanen lidergoaren pean egingo litzatekeela dio.
Borrokaren beste garai bat hasiko dela dio PKK-k, eta politika demokratikoaren bidez “ontasunaren, justiziaren, edertasunaren eta askatasunaren” aldeko borroka abiatuko dutela.
Alderdiaren biltzarra deitzeko prest daude eta Öcalan jo dute “bake garairako eta gizarte demokratiko baterako” lider.
Bakearen eta gizarte demokratikoaren aldeko deia gauzatzeko beharrezkotzat jo dute Öcalan askatzea, eta estatu erakundeei egin die eskaria.
Öcalanen adierazpena ez dute bide baten bukaeratzat, baizik eta hasieratzat: “Hau da garaia argiki eta erabakitasunez 35 urtean, eta bereziki azken 20 urteetan, lortu ez duguna aurrera eramateko”.
Öcalanek PKKri baino ez dio eskatu armak uzteko, eta beraz, Turkiako lurretan dagoen Ipar Kurdistani eragiten dio. Siriako gerrillari kurduei eta beste taldeei ez die su-etenik eskatu.
Galdera asko eta erantzun gutxi
“Gaur aro berri bat hasiko da. Borroka armatuaren garaia amaitzen ari da eta politika demokratikoari atea irekitzen ari zaio”. Esaldi horrekin hasi du martxoaren 2ko erreportajea Karlos Zurutuza kazetariak Naiz hedabidean. Hala badirudi ere, ez dagokio Öcalanen otsailaren 27ko deialdiari, baizik eta 2013ko martxoaren 21ekoari. Alegia, bakerako saialdiak bat baino gehiago izan direla hainbat urtetan. Duela egun batzuetako su-eten iragarpena hamaikagarrena da. Zurutuzak aurrekariak aletu ditu Naiz-eko erreportajean. Kazetariaren ustez, azken adierazpenak ez ditu gehiegi aztoratu kurduak, lehen ere antzeko egoerak bizi izan dituztelako: “PKK-k elkarrizketarako emandako pauso bakoitzak pilota turkiarren teilatuan uzten zuen, baina pilota ez zen inoiz joko-zelaira heltzen”.
Zurutuzaren ustez, aurreko aldietan ez bezala, PKKren buruzagiak ez du eskarien zehaztasunik eman eta bide-orririk ere ez du erakutsi, nahiz eta eskatu duen prozesuak beharko duela “politika demokratiko baten eta lege marko baten aitortza”.
Zurutuzak Dunya Basöl Batmango Unibertsitateko Nazioarteko Harremanetarako irakaslearekin hitz egin du, eta haren ustez, espekulaziorako tartea baino ez dago, disolbatzearen truke zer berme eskatu diren ez delako jaso. Basölek hiru balizko kontzesio aipatu dizkio Zurutuzari: hizkuntza eskubideak onartzea, herri mugimenduen aurkako errepresioa arintzea, eta preso politikoak askatzea.
Kamal Chomani Washingtonen egoitza duen Kurduen Bakerako Institutuko ikertzailea da. Chomanik sentimendu kontrajarriak ditu. Haren ustez, aurrekariek ez dute baikortasunerako arrazoirik ematen “baina ez dago etsitzerik, bakerako bide bat ireki baitaiteke”. Gogoratu du iragarpena Ekialde Ertaina birmoldatzen ari den une historikoan iritsi dela. Galdetzen du ea Erdogan buru duen Turkiak zein interes duen kurduei zerbait eskaintzeko. Assaden Siriak behea jota, Turkiaren aldekoak daude agintean orain, eta Turkia indartsu bat irudikatu du Kurduen Bakerako Institutuko ikertzaileak.