argia.eus
INPRIMATU
PKK-k armen suntsiketa irudikatu du, eta Erdoganek iragarri du legebiltzarrean batzorde bat osatuko dela prozesua jarraitzeko
  • Bere buruzagi historiko Abdullah Öcalenek joan den astean Turkiako Imraliko espetxetik eskatutakoari men eginez, PKK Kurdistango Langileen Alderdiak ekin dio armagabetzeari. Ostiralean egin dute ekitaldia, Iraken menpeko Kurdistango Sulaimaniya hirian, eta 30 gerrilari mendi batetik jaitsi ostean, Bakerako eta Gizarte Demokratikorako Taldeak ohar bat irakurri du. Erdoganek ekintza "historikoa" izan dela adierazi du, eta iragarri AKP, DEM eta MHP alderdiek batzordea osatuko dutela legebiltzarrean, prozesuari jarraipena egiteko.

Eneko Imaz Galparsoro 2025eko uztailaren 14a
Iranen menpeko Kurdistango polizia, PKK larunbatean eginiko zeremoniaren lekutik gertu. Ako Rasheed / Reuters

Ostiraleko ekitaldian, PKKren Bakerako eta Gizarte Demokratikorako Taldeak adierazi zuen "borondate eta erabakitasun keinu gisa" ekin diola armak suntsitzeari, "askatasunaren, demokraziaren eta sozialismoaren aldeko borrokan integrazio demokratikoari" bide emateko. ANF Firat News Kurdistango albiste agentziaren arabera, hogei minutu inguru iraun zuen zeremoniak eta 150 lagun izan ziren bertan milizianoak, kazetariak, gobernuz kanpoko erakundeetako kideak eta Turkiako nahiz nazioarteko alderdi politikoetako kideak kontuan edukita.

Besteak beste, ekitaldian izan zen kurduen aldeko DEM Berdintasunaren eta Herrien Demokraziaren Aldeko Alderdia, Turkiako Asanblean parlamentari gehien dituen hirugarren alderdia eta Ankararen eta PKKren arteko negoziazioetan bitartekari gisa jardun duena. EH Bilduk ere ekitaldian parte hartu zuen, Igor Zulaika legebiltzarkide eta koalizioaren Nazioarteko Politikarako eta Harremanetarako arduradunaren bidez. Berria egunkariari eginiko adierazpenetan, Zulaikak adierazi zuen ekitaldia "hunkigarria" izan zela: "Gerrillariak agertu direnean Abdullah Ocalanen aldeko leloak oihukatzen hasi da jendea, eta, joan direnean, txaloka".

Otsailean armak uzteko deia egin ostean, ostegunean espetxetik grabatutako bideo batean Abdullah Öcalenek berretsi zuen borroka armatuaren garaia amaitu dela: "Ez dut armen boterean sinesten, politikaren eta bake sozialaren boterean baizik", azaldu zuen. Espetxean dauden hainbat alderdikidez inguraturik, duela mende laurden baino gehiago Turkiak preso duen PKKren liderrak azaldu zuen "nazio askapenerako gerra estrategia" amaitu dela eta Kurdistanek lortu duela bere "oinarrizko" helburua, hau da, Turkiak herri gisa aitortzea.

Erdoganek iragarri du Turkiako Legebiltzarrak batzordea sortuko duela

PKK-k armagabetzeari ekin eta bi egunera, igandean, Recep Tayyip Erdogan Turkiako presidenteak hitza hartu du AKP bere alderdiaren ekitaldi batean, Ankaran. Erdoganen aburuz, gerrila kurduaren borroka armatuaren amaiera ez da iritsi bi aldeek eginiko negoziazioen bidez, Turkiaren "gaitasun militarrengatik" baizik: "Azken urteetan guztiz hautsi dugu erakunde terroristaren ekintzarako gaitasuna, eta eragotzi egin dugu beren ekintzek mina eragitea".

Turkiako presidenteak adierazi du ostiraleko ekintza sinbolikoarekin herrialdearen historian "beste aro bat" hasi dela. Aitortu du Ankarak 90eko hamarkadan "praktika desegokiak" erabili zituela PKKren aurka, eta horrek eragin zuela gerrila kurduaren "eragina handitzea". Gainera, iragarri du Turkiako Legebiltzarrak batzorde bat sortuko duela armagabetzea gidatzeko: AKPko, DEMeko eta eskuin muturreko MHP Mugimendu Nazionalista alderdiko kideek osatuko dute batzordea. 1984an abiatu zuen PKK-k Turkiaren aurkako borroka armatua, eta Nazio Batuen Erakundearen arabera 45.000 hildako inguru eragin ditu gatazkak.