Protesta artean onartu du Donostiako Udalak pisu turistikoen ordenantza berria. Hainbat auzo elkarte plenoan izan dira Eneko Goiaren lantaldeak hartu duen erabakia gaitzesteko. “Fenomeno honi erantzun egokia emateko” asmoz onartutako neurria dela esan du alkateak. Oposizioak kritikatu egin du erabakia eta emendakinak aurkeztu dituzte.
Donostiako Alde Zaharrak azken urteotan izan duen bisitari kopurua aintzat hartu ostean, eremu betetzat jo du Udalak. Ez ditu, ordea, maila berean jarri Donostiako beste hainbat auzo, hala nola, Erdigunea, Gros, Antigua eta Egia. Horietan, lehen solairuetan baimendu dituzte turistentzako pisuak; ezingo dira 250 metro karratu baino handiagoak izan. Gainontzeko auzoentzat neurria beste bat da: eraikineko edozein pisu alokatu ahal izango dituzte turistentzat, baita 350 metro karratuko espazioak ere.
Oposizioko taldeek jada aurkeztu dituzte emendakinak. “Mikroekonomia kolaboratzaile eta etxe hutsak eskaintzen dituen enpresak maila berean jartzen ditu, eta hanka sartzea da hori”, azaldu du Irabazik. EH Bilduk Idealista atariaren datua nabarmendu du: azken sei hilabetean 200 euro igo da metro karratuaren prezioa Donostian.
Auzo elkarteetako kideek asteon azaldu dutenez, Udalaren erabakiak herritarren beharrak ez ditu asetzen. “Ordenantza ez da hiritar askoren etxebizitzarako eskubidea defendatzen ari, gainezka egin duten guneak bezala deklaratu diren Parte Zaharra eta kaia izan ezik beste gune guztietan lehen solairutik gora pisu turistikoak jartzea baimenduz”, azaldu zuen Parte Zaharrean Bizi plataformako kideek. Turismoaren masifikazioaren ondorioz Alde Zaharreko ondorioak saihestu nahi dituzte gainontzeko auzoetan: masifikazioa, merkataritza txikiaren galera eta bizi kalitatearen kaltea.
Donostia Turismoak apirilaren 10etik aurrera jarriko du neurria indarrean, eta derrigorrez bete beharko da, bestela isunekin zigortuko dutelako gidari turistikoa.
Turismoari buruzko pertzepzioaz galdetu die EHUk donostiarrei, eta ondorioztatu du herritarren erdiak baino gehiagok “frustrazioa” sentitzen duela. Donostiako Udalak eta Eusko Jaurlaritzak finantzatu dute ikerketa.
Bericato enpresak erosi du duela 70 urte baino gehiagoz Bilboko Portuko Agintaritzaren egoitza izan den eraikina.
Iruñeko Alde Zaharreko Alde Zahar ekimenak turismo masiboaren aurkako eta auzoaren defentsarako kanpaina abiatu du ostegun honetan.
Bizilagunek legez kanpo utzi dute Donostiako Zubieta kaleko etxebizitza turistiko bat, euren estatutuetan erabilera hori debekatuta zegoelako aurretik.