argia.eus
INPRIMATU
Pisu turistikoen %23,6 bost etxebizitzatik gora dituzten jabe edo enpresen esku daude
  • Hego Euskal Herrian ofizialki 5.521 apartamentu turistiko iragartzen dituzte interneteko Airbnb eta antzeko operadoreek. Horietatik 1.302 bost etxebizitza baino gehiagoren jabe diren norbanako edo enpresen esku daude.

Urko Apaolaza Avila @urkoapaolaza 2018ko abuztuaren 30

El Diario.es-k Espainiako Estatuko pisu turistikoen merkatua aztertu du Donostiako Tabakaleran ondutako DataHippo proiektuak bildutako datuak baliatuz. Hamar enpresa espezializatuk kontrolatzen dituzte hirietako eta gune turistikoetako 4.000 ostatu. Egunkariak ondorioztatu du Airbnb-ren “profesionalizazioak” plataforma kolaboratiboaren hasierako ideia zapuztu duela.

Lurraldez lurraldeko erradiografia ere egin daiteke. Araba, Bizkaia, Gipuzkoa eta Nafarroan eskaintzen diren pisu turistikoen ia laurdena bost etxebizitza baino gehiago dituzten jabe edo enpresen esku daude, eta etxebizitza bakarra eskaintzen duten erabiltzaileak ez dira erdira iristen. 

Daturik esanguratsuenak Gipuzkoan ageri dira: iragarleen %5 da pisu turistikoen %38ren jabe. Edo beste modu batera esanda, enpresa edo jabe handien esku daude hamar pisu turistikotik lau. Areago, lurralde horretan ematen da Espainiako Estatuko eskaintza kontzentrazio handienetakoa –iragarki kopuru eta pisu-jabe handien portzentajearen arteko alderaketa eginez lortzen dena– segidako grafikoan ikus daitekeenez:

Datuok 2018ko maiatza eta ekaina artekoak dira, DataHipporen azken eguneraketarenak alegia. Bere webgunean grafikoki ere ikus daiteke non pilatzen diren apartamentu turistiko gehienak: hirietako erdigune nahiz alde zaharretan eta kostaldean.

Goian, Hego Euskal Herriko kostaldean pisu turistikoen eskaintza DataHipporen arabera. Behean, Donostia (eskuinean) eta Iruñeko (ezkerrean) eskaintza pilaketa erdigune nahiz alde zaharrean.

Alokairuen gorakadaren zergatia

Espainiako lehiakortasunerako erakundeek kontrakoa dioten arren, aditu gehienak bat datoz esatean apartamentu turistikoen ugaritzeak lotura zuzena duela hirietako auzo xehetan gertatzen ari den alokairuaren igoerarekin. Bartzelonan, Madrilen, Sevillan eta antzeko hiri handietan atzeman dute fenomenoa, baina baita Donostian ere.

Donostiako EH Bilduk Idealistas.com atariak emandako datuak plazaratu ditu eta dio estatuko igoera handiena izan dutela Gipuzkoako hiriburuko alokairuek. Hamabi hilabetean %20,8 egin dute gora alokairuek Donostian, eta 2018ko bigarren hiruhilekoak azken urteetako errekorra ondu du: metro koadroa 15,4 euro ordaintzen du maizterrak hilero.

Koalizio abertzaleak nabarmendu du Eneko Goia (EAJ) agintean denetik izan dela igoera handiena eta apartamentu turistikoen “boom”-arekin lotu du gorakada: “Fenomenoa behar bezala arautzea ezinbestezkoa da alokairuen prezioa kontrolpean mantentzeko –dio EH Bilduk–. Pisu turistikoen ordenantzarekin aukera paregabe bat galdu da”.