argia.eus
INPRIMATU
Pisu turistikoak debekatuko ditu Palmako Udalak
  • Palmako Udalak eta Balearretako Gobernuak eginiko kalkuluen arabera, uda sasoian 11.000 pisu turistiko egon daitezke irlako hiriburuan; %95 legez kanpo jartzen dira eskaintzan interneteko plataformen bidez. Gehienak eraikinetako pisuak izaten dira. Sustraitik moztu dute arazoa: debekatu egin dituzte turistentzako pisuak. Familia bakarreko etxebizitzak baino ezingo dira jarri alokairuan.

Miren Osa Galdona @Mirentx_U 2018ko apirilaren 25

Erregistrotik kanpo jardun ohi dira etxe jabe gehienak Palman, zehazki %95. Hau da, etxeak alokatzerako orduan, ez dute Turismo Sailean izenik ematen eta ez dituzte administrazioak eskatutako baldintzak betetzen. Hala ondorioztatu dute agintariek. Airbnb bezalako plataformek herriaren ongizatea “hausten” dutela diote.

Hori dela eta, sektoreko konpainia handiena salatzeko prest agertu da Palmako udalbatza legez kanpo dauden etxebizitzak alokairuan jartzeagatik. Homeaway konpainiari jada isun espediente bat zabaldu dio Balearretako Gobernuak: 300.000 euroko isuna ordaindu beharko dio administrazioari arazo beragatik. “Legeek bermatu behar dute irabaziak guztion artean banatu daitezen, ez soilik batzuen artean. Elkarbizitza bermatu nahi dugu turismo masiboaren gainetik”, adierazi du udaleko bozeramaileak.

Alokailuaren prezioa ere nabarmen igo da azken bost urtetan: %40 egin du gora etxebizitzaren alokairuakPalman. Jose Hila hirigintza zinegotziak nabarmendu ditu herritarrek etxe bat lortzeko dituzten zailtasunak: “Egoiliarrek zailtasun handiak dituzte hirian pisu bat alokatu edo erosteko. Hiri bati gerta dakioken okerrena da bertakoek bertan ezin bizitzea”.