Pirmin Treku dantzaria (Zarautz, 1930) bihotzekoak jota hil zen herenegun (13) goizean, Donostiako erietxe batean. Zarautzen jaio zen baina 1936ko gerran Ingalaterrara joan behar izan zuen ihesi familiarekin. Han egin zen ballet klasikoko dantzari. Trekuk 1945ean ekin zion bere ibilbideari, Sadler's Wells Theater Ballet konpainian. Bi urte geroago Sadler's Wells Ballet (gerora Royal Ballet bihurtutakoa) taldean sartu zen. Agertokiak uztean Oporton (Portugal) dantza eskola sortu zuen eta 40 urtez irakasle bezala aritu zen bertan. Azken bi urteak Zarautzen eman ditu.
- Amets Arzallusek Pirmin Treku elkarrizketatu zuen ARGIAren 1954. zenbakian, 2004ko uztailaren 25ean. Izenburutzat hauxe zuen: "Konpainia on bat ikusita ezinezkoa da baleta ez gustatzea".