argia.eus
INPRIMATU
“Pirinioetako despopulazioa haren aurkako neurriak baino abiadura handiagoan doa”
  • Pirinioetako husteari aurre egiteko legea eskatu dute eskualdeko ordezkariek. Hamar biztanletik bat galtzen du urtero eskualdeak.

Euskalerria irratia @fm983irratia 2023ko martxoaren 14a

Pirinioetarako bost minutu galdegin dituzte Nafarroa ekialdeko mendialdeko herritarrek. Bost minutu administrazioaren edozein araudik eskualde horretan izanen duen eragina aztertu dadin. “Beste ikuspuntu batetik begiratzea eskatzen ari gara, eta husteari aurre egiteko lege berezitu bat”, azaldu du Karlos Bueno Aezkoako Batzorde Nagusiko presidenteak.

Izan ere, eskualde guztietan ez dute eragin berbera araudiek. Aurizko eskola jarri dute adibide. Aurtengoa du azken ikasturtea, hurrengoan ez baitira legeak ezartzen dituen gutxieneko ratiora iritsiko.

Pirinioetako Mahaiaren kalkuluen arabera, eskualdeak urtero biztanleriaren %10 galtzen du. Abiadura bizkortzen ari da, eta neurriak ezartzeko konpromisoa agertu zaien arren, irmotasuna eskatu du Erroibarko zinegotzi Ainara Ekisoainek.  

Hamasei urterekin Iruñera jo behar dute ikasleek ikastera, eta maiz ez dira atzera itzultzen. Bestetik, asko dira negua Iruñean igarotzen duten adinekoak. Fenomeno horiek ekiditeko etxebizitza eta aisialdi ereduak behar direla uste du Mikel Aoiz Otsagabiako alkateak.

Pirinioek eskaini dezaketen bizi kalitatea nabarmendu dute hiruek, baina hori bermatuko duen etxebizitza, lan, osasun, hezkuntza eta gizarte politika garatzea ezinbestekoa dela gogoratu dute