argia.eus
INPRIMATU
Valentziara urrutiratu dute Arantza Zulueta lau hilabeteko zigorra betetzeko
  • Zaballako espetxetik (Iruña Oka, Araba) Picassenteko espetxera (Valentzia, Herrialde Katalanak) lekualdatu dute Zulueta. Sarek salatu egin du urruntzea, eta mobilizazioa deitu asteazkenean Bilbon.

ARGIA @argia 2019ko azaroaren 12a

Irailaren 30ean aurkeztu zen Arantza Zulueta Zaballako presondegian, Jon Enparantzarekin batera. 11/13 sumarioko epaiak jarritako bosna hilabeteko kartzela zigorra betetzen ari dira ordutik.

Enparantza urri amaieran urrundu zuten Madrilera, Estremera espetxera. Astelehenean jakin denez, Zulueta ere urrundu egin dute, Valentziako Picassent espetxera.

Sarek salatu du urruntzea, “espetxe politika krudel honen mendekuaren beste ondorio bat” dela adieraziz. Espainiako gobernuak “biderik ulertezinena” hartu duela iritzirik, “hainbeste sufrikario eragiten duen espetxe politika honi amaiera emateko” eskatu dute. Urruntzeak espetxeratuen familiei zigorra areagotu egiten diela azpimarratu dute, senideei bisita egiteko hainbeste kilometro egin beharrak beren biziak arriskuan jartzen dituela argudiatuz.

Espainiako gobernua “iraganeko politika” erabiltzen ari dela adierazi dute, eta mendekutzat jo. Horren aurrean, giza eskubideen defentsan mobilizazioa deitu dute asteazkenean Bilbon, 19:00etan Udaletxe aurrean.