argia.eus
INPRIMATU
Petronorretik portura zihoan kamioi batek bi tona koke isuri ditu istripu baten ondorioz
  • Petronorren findegitik portuko biltegira zihoan kamioi batek istripua izan du astearte goizean, eta ondorioz bi tona koke isuri dira Muskizko Arena hondartzaren sarbideko errotondaren inguruan.

Unai Brea @unaibrea2 2017ko irailaren 5
Petronor findegia, Muskizen.

Petronorrek adierazi du bidea garbi eta egoera normalduta daudela honezkero, eta gertatutakoa argitzeko ikerketa abiatu duela. Gertatutakoaren berri emateko zabaldu duen oharrean, enpresak adierazi du 9:30ak aldera gertatu dela istripua. Cokearen Aurkako Koordinadorak, berriz, lehenago izan dela azaldu du, "8:45erako bageneukan istripuaren argazki bat, han zegoen pertsona batek bidali diguna".

Lekuko batek argazki hau hartu du istripua izandako inguruan.

Koordinadorak 9:00ak aldera eman du gertakariaren berri, argazki eta guzti, Facebook bidez. Bertako kide bat kexu da Petronorrek horrelakoetan berandu erantzuteko duen joeraz: "Ematen du guk zerbait esango ote dugun zain daudela beraiek informatzeko". Izan ere, enpresak 11:30ak arte publikoki ezer esan ez izana salatu dute.

Momentuz ez da informaziorik zabaldu istripuak izan ditzakeen ondorioez.