Ana Oregi Eusko Jaurlaritzako Ingurumen sailburuak agerraldia egin du Eusko Legebiltzarreko Ingurumen Batzordean, EH Bilduk eskatuta. Dani Maeztu legebiltzarkidearen galderei erantzunez, Oregik esan du joan den udan Petronorren izandako hauts isuriak ez zirela arriskutsuak izan inguruko herrietako biztanleentzat. Sailburuaren berbetan, Ingurumen eta Osasun sailek elkarlanean egiten dute Petronorren kontrola ezin hobea da.
Muskiz eta Abantoko talde ekologistek eta auzokide elkarteek askotan leporatu diote Petronorri –udako isuriak gertatu zirenean ere bai– halako gertakarien berri Jaurlaritzari eman ez izana, bere Ingurumen Baimen Bateratuak hala egitera behartzen duen arren.
Haatik, isurion eta bestelako gertakari batzuen berri Ingurumen Sailera SOS Deiak-en bidez iritsi izan direla adierazi dute maiz, eta ez findegiak jakinarazi dielako. Hartara, enpresa araudia urratzen ariko litzateke.
Horretaz behin baino gehiagotan galdetu dio Maeztuk Oregiri, baina ez du erantzun argirik jaso. EH Bilduko legebiltzarkideak azpimarratu du Jaurlaritzak espediente zigortzailea –ez derrigorrez zigorra– ireki beharko liokeela Petronorri, modu horretan jokatzeagatik. Ingurumen Sailak neurririk ez hartzeak irail hasieran Jaurlaritzak eta Petronorrek sinatutako lankidetza-hitzarmenarekin zerikusia duela iradoki du Maeztuk.
Bestalde, EH Bilduko kideak ez du Oregirekin bat egin udan Petronorrek isuritako substantzien –zehazki, katalizatzaile hautsa eta koke hautsa– arriskugarritasunari buruz. Lehenbizikoaz, sailburuak esan du ez dela substantzia arriskutsuen sailkapenetan ageri; bigarrenaz, bizidunentzako arriskurik gabekoa izan zela haren kontzentrazioa.