Petronorreko emisioen kontrolak "lasaitzea" leporatu dio Podemosek Jaurlaritzari

  • Petronorren funtzionamendu txarrari –“programatu gabeko 70 geldialdi eta kontrolik gabeko hainbat hauts emisio azken urte bietan”– Jaurlaritzak behar bezalako erantzunik ematen ez diola eta, areago, findegiaren emisioen kontrolerako irizpideak leundu dituela esan du Eusko Legebiltzarrean Elkarrekin Podemoseko Jose Ramon Becerrak. Gobernuak Petronorri “tratu berezia” ematen ote dion ere galdetu dio Arantza Tapia sailburuari.

Unai Brea @unaibrea
2017ko azaroaren 17a
Jose Ramon Becerra Equoko kide eta Elkarrekin Podemoseko legebiltzarkidea. (Arg.: Equo)

Aireko kutsadura izan da gai aipatuenetako bat Eusko Legebiltzarraren gaurko kontrol saioan. Jose Ramon Becerrak Petronorren jarduerarekiko eta haren ondorioekiko Jaurlaritzak agertzen duen zorroztasun txikia kritikatu du, hiru sailbururi (Ekonomia Garapena, Ingurumena eta Osasuna) egindako galderen bidez. Horrez gain, EH Bilduko Mikel Oterok Iñaki Arriola Ingurumen sailburuari galdetu dio airearen kalitatea neurtzeko kabina-sarearen gabeziez, Durangaldean izandako irregulartasun batzuk direla eta.

Petronor: ate birakariak eta kontrol eskasa Podemosen esanetan

Becerrak ArantzaTapia Ekonomia Garapen sailburuari galdetu dio ea Jaurlaritzak pribilegiozko tratua eskaintzen dion Petronorri. Azken urteetan izandako aurreikusi gabeko geldialdi ugarik eta bizilagunek salatutako hauts emisioak aipatu ditu Equoko kideak; Tapiak, berriz, erantzun dio findegiaren inspekzio guztiak modu egokian eta garaiz egin dituela Jaurlaritzak, eta Petronorrek bere betebehar guztiak bete dituela orain arte.

Becerrak, orduan, Jaurlaritzako zenbait kargu ohik –EAJkoak denak– Petronorrekin dituzten loturak aipatu ditu: batetik Jose Ignacio Zudaire Industria sailburu izandakoa; bestetik, Javier Balza Barne sailburu ohia; eta hirugarrenik, Pilar Urrutikoetxea, EVEko zuzendaria iazko abendura arte. Tapiak erantzun du Zudairek duela asko utzi zuela Jaurlaritza, eta Balza eta Urrutikoetxea ez direla Petronorreko langileak. Balza, izatez, findegiarentzat lan egiten duen Uria Menendez bufeteko abokatua da, eta Urrutikoetxeak aholkularitza lanak egiten ditu.

Iñaki Arriola sailburuari galdera egiteko tartean, Jose Ramon Becerrak esan du Ingurumen Sailak kontrolerako protokolo batzuk –esaterako, zenbait substantzia kutsatzaileren neurketa– kendu dituela azken urteetan, 2016an sail berak egindako txosten batek aitortu arren Petronorrek ez dituela betetzen Ingurumen Baimen Bateratuak ezarritako zenbait baldintza. Kontrolerako sistema nolakoa izan behar zen Petronorri berari proposatzeko eskatu izana ere leporatu dio Podemosekoak gobernuari. Airearen kalitatea neurtzeko enpresaren inguruan dauden lau kabinetatik Petronorrek jarritakoak direla gehitu du: “Giltza haiek baino ez dute”.  

Kutsadura neurtzeari uzten dioten kabinak

Arriolak ukatu du kontrola ahuldu denik, eta Petronorren jarduera behatzean estandar guztiak betetzen direla esan du. Antzera erantzun dio geroxeago Mikel Otero EH Bilduko legebiltzarkideari, hark galdetu dionean EAEko airearen kalitatea neurtzeko sistemaren gabezien aurren Jaurlaritzak zer egiteko asmoa duen. Oterok esan du estazioen heren batek behar baino datu portzentaje txikiagoa jaso zuela 2016an, Ekologistak Martxan taldeak urtero egiten duen txostenaren arabera. Substantzia guztien kasuan neurtutakoaren batez bestekoa %90etik gora egon dela ihardetsi dio Arriolak.

Azkenik, aireko kutsadura datuek gora egiten dutenean kabinek, oso maiz, neurtzeari uzten diotela adierazi du Mikel Oterok, eta adierazi du edozein kasutan legediaren barruko balioak izateak ez duela bermatzen osasunerako babesa; izan ere, konposatu gehienen kasuan europar araudiak baimentzen dituen kutsatzaileen kopuruak Osasunaren Munduko Erakundearen gomendioetatik gora daude.

Petronor eta osasun-mapak

Jon Darpon Osasun sailburuarentzat izan da Jose Ramon Becerraren azken interpelazioa. EAEko hainbat mapa erakutsi ditu Equoko kideak, zenbait gaitz larriren intzidentzia Muskizen eta inguruan EAEko batez bestekoa baino dezente altuagoa dela erakusten dutenak. “Ez dut gauza bien arteko lotura egingo, datuak erakutsi baino ez; lotura dagoen aurkitzea zure sailaren lana da”, esan dio Becerrak Darponi.

Hark erantzun dio mapa horiek ondo ezagun dituela eta faktore askorengatik sor daitezkeen gaixotasunen intzidentzia enpresa jakin baten jarduerarekin lotzen saiatzea ez dela zientzia, “parlamentarismo merkea” baizik.


Airearen kalitatea kanaletik interesatuko zaizu...
2017-12-21 | Anboto
Durangoko Fumbarri enpresak gai kutsakorrak isuri dituela egiaztatu du Eusko Jaurlaritzak

Elena Montero ingurumen sailburuordea Durangon egon da gaur, airearen kalitatearen inguruan azken hiru hiletan egindako ikerketaren berri emateko. Fumbarri enpresak partikula kutsakorrak isuri dituela eta gainerako estazioekin alderatuz kutsadura indize altuagoa eman dela onartu arren, legezko mugak ez direla gainditu esan du sailburuordeak. Gainera, Durangoko airea urteko egunen %99tan ona dela nabarmendu du. Balorazioa egin du, baina ez du neurketen datu zehatzik eman.


2017-11-08 | ARGIA
Ende Gelaende 2017: Milaka desobediente meategi erraldoia gerarazten saiatu dira Alemanian
MULTIMEDIA - erreportajea

Alemanian meategi erraldoi bat gelditzen saiatu dira milaka lagun, klima aldaketaren aurka. Alemaniako Bonn hirian Munduko Klima Aldaketaren Konferentzia hasi aurreko egunean, igandean, desobedientzia zibila modu masiboan praktikan jarri dute milaka lagunek, Ende Gelände mugimenduak deituta.

Informazio gehiago ARGIAko albiste honetan.


2017-06-27 | Unai Brea
Bi milioi pertsona inguruk kutsatutako airea arnastu zuten iaz Hego Euskal Herrian

Urtero ohi duen legez, Espainiako Estatuko aire kutsadurari buruzko txostena aurkeztu du Ekologistak Martxan taldeak Madrilen. Hego Euskal Herriari dagokionez, ozono troposferikoak eragindako arazoak eta datu bilketaren gabeziak nabarmendu dituzte besteak beste. Azaldu dutenez, Hego Euskal Herriko bi milioi lagun inguruk Osasunaren Munduko Erakundeak (OME) gomendatutako balioen gainetik arnastu zituzten substantzia kutsatzaileak 2016an, neurtutako kopuruak ia beti legearen barruan egon arren.


Ibilgailuen gas kutsatzaileek 107.000 heriotza goiztiar eragiten dituzte urtean

Diesel autoen erdiak eta autobus eta kamioien heren batek gasen isurketen muga legalak gainditzen dituzte. Gehiegizko emisioek 28.000 heriotza goiztiar eragin zituen 2015ean, ingurugiro agentzia estatubatuarrek egindako ikerketa baten arabera.


Urtean 467.000 heriotza Europan aire kutsaduraren eraginez

Aire kutsadurak Europan 467.000 heriotza goiztiar eragiten ditu urtean, Europako Ingurumen Agentziaren arabera eta BBCk jaso duenez. Hiriguneetan bizi diren pertsonak dute arrisku gehien, hauen %85 PM2,5 partikula finekin kontaktuan baitaude, Osasunaren Mundu Erakundeak kaltegarritzat jotzen duen tamainan.


2016-11-24 | Unai Brea
Aireko kutsadura gutxitzeko lege-proiektu urardotua onartu du Europako Parlamentuak

Atmosferara jaurtitzen diren kutsatzaile nagusien mugak zorrozteko lege-proiektua onartu du Eurolegebiltzarraren osoko bilkurak, azaroaren 23an Estrasburgon egindako saioan. Hala ere, onartutako proposamena hasiera batean Europako Batzordeak egindakoa baino ahulagoa da. Aireko kutsadurari buruz “behingoz” araudi ausarta ezartzeko aukera galdu da, proiektua gaitzetsu dutenen aburuz. Testuak 499 aldeko boto jaso du, eta 177 aurkako.


Bartzelonara sartzea debekatuko diete ibilgailu kutsatzaileenei

Bartzelonako Udalak hirian zirkulatzea debekatuko die gehien kutsatzen duten ibilgailuei 2020. urtetik aurrera. Datorren urtean erabakiko da zein ibilgailu motari eragingo dien debekuak, Udaleko ekologia alkateorde Janet Sanzek adierazi duenez.


Aire kutsadurak ugalkortasunari eragiten diola ondorioztatu dute

Hainbat ikerkelani eginiko berrikusketa batek aire kutsadurak espermaren kalitateari eragiten diola ondorioztatu du, baita abortuak izateko arriskua handitzen duela ere. Bartzelonako Hospital del Mar erietxeko medikuek eta bertako ikerketa zentroak (IMIM) eginiko berrikusketaren emaitzak dira El País egunkariak jaso duenez.


2016-07-29 | ARGIA
Ke beltz hodeia eragin du hainbat orduz Petronorrek Muskizen

Ostiral goizean 7:55etan hasita hainbat orduz, Muskizko Petronorren plantako hiru tximiniatatik ke beltza atera da. Enpresak dio akats elektriko bat izan dela eta ez dela kaltegarria bizilagunen osasunerako.


2016-06-09 | Unai Brea
Aireko kutsadura: urteroko lepotik burua

Berritasun handirik ezin espero funtsezko premisa aldatu ezean: kutsatzaile nagusi gehienentzat, Munduko Osasun Erakundeak (MOE) gomendatzen dituen balio seguruak eta Europako legediak ezarritakoak ez datoz bat.


Azkenak
EGILEA
Eguneraketa berriak daude