Koronabirusaren pandemia tarteko, 2002tik ikusi gabeko prezio baxuetara jausi da petrolioa. Covid19ak eragindako mugikortasunaren gutxitzeak badu zerikusia, baina baita Saudi Arabia eta Errusiaren artean hasitako salneurri-lehiak ere.
Brent gordinaren kupela 22,58 dolarretaraino erori da astelehen honetan. Azken finean, nazioartean ugariak dira koronabirusaren krisiaren ondorioz produkzioa murriztu duten konpainiak edota zuzenean itxi egin behar izan dutenak. Jende askok, halaber, etxean sartuta pasatzen du eguna.
Demandaren jaitsierari gehitu behar zaio Saudi Arabiaren eta Errusiaren artean martxoan hasitako prezio-lehia. Produkzioa murrizteko Saudi Arabiaren eskaerari muzin egin zion Errusiak, eta horrek sorrarazi zuen ika-mika.
Demanda beheraka ari den honetan, produkzioa ere jaisten ez bada, sortutako petrolio guztia gordetzeko arazoak aurreikusi ditu hainbat adituk. Horri lotuta, AEBetan bertako petrolio konpainiei produkzioa jaisteko eskatzen ari dira aditu horiek, edo bestela AEBetako Petrolio Erreserba Estrategikoak petrolio gehiago eros dezala.
Zeinek antzemango du gehien jaitsiera?
Gurean, oinarrizko lanetan ari direnek oraindik ere garraioren bat edo beste hartzen badute ere, gehienak etxean sartuta gauden honetan gutxik antzemango du prezio jaitsiera. Sortzen duten petrolioarekiko menpekotasun handia duten herrialdeak izango dira inpaktua gehien nozituko dutenak; hala nola, Aljeria, Nigeria eta Libia. Saudi Arabiak ere zulo ekonomiko esanguratsua egin dezake, eta ironikoki herrialde hori izan da prezio-lehia hasi zuena, Errusia zigortzeko asmoz.