argia.eus
INPRIMATU
Petrolio-findegietako greba mugimendua beste sektoreetara zabalduko dute urriaren 18an
  • Borrokarako deia babesa izaten ari da besteak beste garraioetan, energiaren sektorean baita funtzio publikoan ere. CGT, FO, Solidaires eta FSU sindikatuek deitu dute grebara.

Jenofa Berhokoirigoin @Jenofa_B 2022ko urriaren 14a

Petrolio-findegietako eta erregai-biltegietako langileek greban segitzen dute, CGTk eta FOk sostengaturik. Iraila bukaeran utzi zuten lana Total Energies eta Esso ExxonMobil multinazionalen lantokietan, soldaten %10eko emendioa lortzeko. Nahiz eta CFDT eta CFE-CGC sindikatuek %7ko emendioa eta primen banaketa dakarren akordioa onartu, egoerak blokeaturik segitzen du eta urriaren 14 goiz honetan greban segitzen dute zazpi findegietatik bostetan.

Gainera, borroka zabaltzeko gogoz dira sindikatuak: "Une garrantzitsu batean gaude, soldaten auzia mahai gaineratzeko eta greba eskubidearen urraketa dakarten errekisizioak deitoratzeko momentu egokian garela uste dugu". Hori horrela, urriaren 18rako deitu dute greba interprofesionalera CGT, FSU, Solidaires eta FO sindikatuek. Publikoan ere jarraitua izatea aurreikusten da. "Petrolio-findegietako greba eta multinazionalen super-etekinak direla eta, aberastasunaren banaketaren auzia mahai gaineratu dezakegu, tartean, soldatak aipatuz eta hori batez ere funtzio publikoan", FSUko idazkari nagusi Benoit Testen hitzetan.

Zentral nuklearretan abiatua dute greba

Petrolioaren sektoreaz gain, EDFn zentral nuklearretan ere dabiltza borrokan soldaten emendioaren alde. Hori horrela, energiaren sektorearen zati esanguratsua da greba mugimenduaren pean –Frantzian ekoizturiko elektrizitatearen %77 nuklearra da–. FO eta CGTk dute greba bultzatzen, hor ere soldaten %5eko emendioaren alde. Oraingoz ez dauka eraginik egunerokoan, baina jarraituz gero, negu honetarako elektrizitate mozketak aurreikusten dituzte. irailaren 29an abiatu zuten greba.

Horrez gain, SNCF zein RATP, garraio publikoan dabiltzan langileek ere bat egin dute greba deialdiarekin, eta funtzio publikoan ere izanen du eragina. Ikusteke dago zer ekarriko duten asteartea bitarteko negoziaketek, baina, oraingoz badirudi urriaren 18ko greba mugimendua zabala eta jarraitua izanen dela.