argia.eus
INPRIMATU
Petrolio ekoizpena izoztea adostu dute Saudi Arabiak, Errusiak, Venezuelak eta Qatarrek
  • Mundu osoko petrolio ekoizlerik handienek, Saudi Arabiak, Qatarrek, Venezuelak eta Errusiak, urtarrileko petrolio ekoizpenari eustea hitzartu dute akordioan, Mohammad bin Saleh al-Sada Qatarreko Energia ministroak jakinarazi duenez. Iranek eta Irakek ez dute bat egin hitzarmenarekin, El País hedabideak jaso duenez.

Ane Urkola Agirrezabala @irrikaz 2016ko otsailaren 16a

Hitzarmenaren helburua da petrolioaren prezioak gehiago ez jaistea. Izan ere, petrolioaren prezioa amildu egin da azken urte eta erdian; iaz baino %5 gutxiago balio du Europan erreferentzia gisa balio duen Brent upelak. 2014ko ekainean 115 dolarrera saltzen zen,  eta astearteko lehen orduan 34 dolarretan ari zen kotizatzen Londresko merkatuan, akordioari buruzko zurrumurruek %6ko igoera eragin ondoren. Gehiegizko produkzioak eragin du petrolioaren prezioaren jaitsiera.

Ali Al-Naimek, Saudi Arabiako Energia ministroak, adierazi du ekoizpena ez handitzea “egokia” dela merkatuarentzat eta gaineratu du “hurrengo hilabeteetan aztertuko dituztela merkatua egonkortzeko ondoren eman beharreko pausoak”. Olivier Jakob Petromatrixeko aholkularia ere iritzi berekoa da: “Hitzarmen horrek ez du ondorio lazgarririk izango, eta urtearen bigarren erdian prezioak igotzen lagunduko du”.

Petrolio ekoizpena eta esportazioa mugatuta izan ondoren, Iran petrolioaren merkatura itzultzeak –igaro den asteburuan, petrolioz kargatutako petrolio-ontzi bat abiatu zen Irandik Europako portuetara– eragin zuen eskaintzaren presioa handitzea.