Pedro Pablo Kuczynski (PPK) Peruko presidenteak dimisioa eman du asteazkenean. Presidente ohia kargua uztera bultzatu dituen arrazoi nagusiak hiru dira: Alberto Fujimoriren indultua, Odebrecht kasua eta botoen eroskeria. Kanadan Peruko enbaxadorea den Martín Vizcarrak ordezkatuko du Kuczynski.
“Egoera konplikatu honen aurrean, bidegabeki errudun gisa seinalatua, onena da Errepublikako presidentetza uztea”, esan zuen Kuczynskik agur mezuan. Egoera konplikatuan izan da Peruko presidente ohia kargua hartu zuenetik, eta dimisioa ematea erabaki du.
Odebrecht kasua
Albertu Fujimoriren diktadura 2.000. urtean amaitu zenetik, Peruko exekutiboak etikoki zalantzagarriak izan diren jarrerak izan ditu. Errepublikako presidente ohien egungo egoera da horren froga: Alejandro Toledo ihesean, Ollanta Humala preso, eta Alan García susmagarri. Eta, asteazkenaz geroztik, Kuczinsky auzipetuta Odebrecht kasuarengatik. Kuczinsky Peruko presidente hautatu zuten Latinoamerikako ustelkeria kasu gordinena azaleratu baino sei hilabete lehenago. Lava Jato operazioak agerian utzi zuen Kuczinsky-k Odebrecht Latinoamerikako eraikuntza enpresa boteretsuenaren kasuarekin duen lotura.
Oderbrecht-ek onartu zuen kargu publikoei eroskeriak ordaindu zizkiela 2001etik, lizitazioen truk. Eroskeriaren zenbatekoa 785 milioi dolarrekoa izan zen. Munduko Bankuari eta Oderbrecht enpresari lotuta egon zen Kuczinsky urte luzez eta orain Peruko Justiziaren eskuetan dago ustelkeriagatik.
Fujimoriren indultua eta eroskeria
Abenduaren 24an, Pedro Pablo Kuczinsky-k indultua eman zion Alberto Fujimori Peruko diktadore ohiari. Fujimori kartzelan zegoen gizateriaren aurkako krimenak egotzita. 2016ko ekaineko hauteskundeen bigarren bueltan, Kuczinsky-k estu irabazi zion Keiko Fujimori (Fuerza Perú) Alberto Fumijoriren alabari, botoen %50,12rekin. PPKren alde bainoago, Keiko Fujimoriren aurka bozkatu zuten perutar askok, eta horiek traiziotzat jo zuten diktadoreari emandako indultua.
Indultuarekin Fujimori familiaren laguntza lortu nahi zuen Kuczinsky-k, eta Odebrecht kasuak zipriztindu zuenean, kargua mantentzea lortu zuen fujimoristen botoei esker. Alabaina, PPKri laguntza eman baino, fujimoristek presidentearen dimisioa eragin zuten, Kuczinsky botoen eroskeriarekin lotzea lortu baitzuten bideo bidez. Fuerza Perú alderdiko kide batzuk agertzen dira Moisés Mamani biltzarkide fujimoristak grabatutako bideoan, eta onartzen dute PPK-k bere kargugabetzearen kontra Kongresuan bozka emateko ordaintzea promestu ziela.