Hilabeteko protesta jendetsuen ondoren heldu da erabakia. Segurtasun faltaren eta pentsioen erreformaren aurka altxatu dira gazteak eta garraio publikoko langileak. 2022an ere izan ziren protestak, Boluarte boterera heldu zenean; eta ordukoan 60 lagunetik gora hil ziren Poliziaren aurkako istiluetan.
Peruko egoera politikoak eztanda egin du: kongresuak Dina Boluarte presidentea kargugabetu du. Protesta jendetsuen ondorena izan da kongresuaren erabakia. Boluarte kargura heldu zenetik bertatik izan direnak; are, kargua hartu berritan piztu ziren protestetan, 2022an, 60 pertsona baino gehiago hil ziren Poliziarekin izandako istiluetan. 2025ekoak irailean piztu ziren, eta hauteskundeetarako sei hilabete falta zirela kendu dute presidentea boteretik; José Jerí kongresuko buruak hartu du kargua behin-behinean.
Pentsioen erreformak piztu zituen iraileko protestak. Gazteen sektoreek gidatu zituzten protestak, eta salatu zuten erreformak gizarteko klaserik baxuenei eragiten ziela: 8,6 milioi afiliatu pentsiorik barik geratzeko arriskuan daudela salatu zuten. Gobernuak pauso bat atzera eman zuen pentsioen erreforman, eta moldatuko zuela hitz eman; baina, haserrea dagoeneko handiegia zen kaleetan.
Horri gehitu zitzaion segurtasun falta eta gobernuaren geldotasuna: garraio publikoko 180 gidari inguru hil dituzte erakunde kriminalek, mafiei dagokien kupoa ez ordaintzeagatik. Bi sektore horien batuketak protesta jendetsuak bultzatu ditu herrialdean; are, datorren asteazkenerako ere, hilaren 15erako, mobilizazio jendetsuak zituzten deituta, gobernua erortzea helburu.
Polizia gehiegikeriak
Boluarte boterera heldu zenetik izan ditu protestak kalean. 2022ko abenduan bilakatu zen presidente, Pedro Castillo ordura arteko presidentea boteretik kendu eta atxilotu zutenean; Boluarte bere presidenteordea zen. Egun horretatik bertatik piztu ziren protestak kaleetan, eta Boluartek Polizia bidali zuen protestak isilaraztera. Ia hilabetez izan ziren proteestak Limako kaleetan, eta 60 lagun hil eta ehunka zauritu zituen Poliziak.