argia.eus
INPRIMATU
“Peru” eta “Stein” omenduko dituzte Hendaian, GALek hil zituela 30 urte bete direnean
  • 1984ko otsailaren 8an GALek Angel Gurmindo “Stein” eta Bixente Perurena “Peru” euskal errefuxiatuak Hendaian hil zituen. Urteurrenarekin bat eginez omenaldi berezia antolatu dute bihar.

ARGIA @argia 2014ko otsailaren 07a
2009an, "Peru" eta "Stein"en hilketaren 25. urterruneraren omenaldia egin zuten. Argazkia: kazeta.info

Ekitaldia Ipar Euskal Herriko Sortuk antolatu du Egia bide, Askatasuna amets lemapean. Sortuk azaldu duenez, “etorkizuna beste era batean eraikitzeko memoria kolektiboa” landu behar da. Herritarrei dei egiten die ekitaldira gerturatzeko, gaur egun “gudu zikinaren” hainbat galdera ez direlako oraindik argituak izan.  Frantziako eta Espainiako gobernuen “inplikazioa” oraindik argitzeko dagoela gogorarazi eta gatazka konpontzeko alde guztiek “dagokien ardura bere gain hartu” behar dutela nabarmendu dute.

“80ko hamarkada hartan Euskal Herrian bizi zen guduan gauza asko ikusi, entzun eta pairatu genituen eta 30 urte pasatu diren honetan hura guztia gogoratzeko premia ikusten genuen, eta batez ere ‘Peru’ eta ‘Stein’ gogorarazteko”, adierazi du Lander Garrok ekimenaren antolatzaileetako batek.

Otsailaren 8ko ekitaldian ahotsa hartuko dutenak garai hartako protagonistak zirenen seme alabak dira. “Hildakoak hil ziren eta jende asko utzi zuten inguruan dolu horrekin. Gure asmo garrantzitsuena maitasuna ematea da.”

“Peru eta Stein pertsonak ziren, familia eta lagunak zituzten, eta haiei begirako zerbait da ekitaldi hau. Hainbeste aipatzen diren biktima horiek gure tartean dira eta oroitu nahi ditugu.”, gaineratu du Ihintza Ostolaza antolatzaileak. “Gizarte zibil eta lagun bezala biktimei maitasun pixka bat adierazteko eskubidea badugula aldarrikatu nahi genuen”.

Ekitaldia bihar, otsailaren 8an arratsaldeko 18:00etan izanen da Hendaiako Daniel Ugarte pilotalekuan. Musika eta bertsoak izango dira nagusi. Besteak beste, Aitor Gorosabel, Amets eta Maialen Arzallus, Aire Ahizpak, Sustrai Colina, Bide Ertzean, Odei Barroso, Xutik eta Mikel Markez igoko dira oholtza gainera. Peru eta Stein oroitzeaz gain, GALen biktima guztiak omendu nahi dituzte biharko ekitaldian.