Kondenatutako atzerritarren nazionalitateari buruzko datuak argitaratuko dituela adierazi du Erresuma Batuko Barne ministroak. Bide beretik, pasa den astean ezagutarazi zen Aste Nagusian atxilotutako 79 pertsonaren argazkiak filtratu zituela Ertzaintzak.
Erresuma Batuko neurria urtea amaitu baino lehen jarriko da martxan, eta migratzaileek legez kanpo egiten dituzten jarduerak ezagutzeko eta delitugileak nondik datozen jakiteko baliatuko dute. Barne ministro Keir Starmerren arabera, neurriak "gardentasuna sustatzea eta eztabaida publikoa informazioz hornitzea" ditu helburu. Horretarako, aldizkako argitalpen sistema bat ezartzea aurreikusten da eta datuak biltzeko eta egiaztatzeko metodoak berrikusteko agindu du ministroak. Arau-hausteak egin izanagatik herrialdetik deportatuak izateko zain dauden 19.000 pertsona baino gehiago hartuko ditu ardatz neurriak.
Migrants Rights Network erakundeko zuzendari Fizza Qureshik neurriaren zentzugabetasunaz hitz egin du. Adierazi du "zigortze-ariketa nabarmena" dela eta nazionalitateen eta kriminalitatearen arteko lotura sortzeko "ahaleginek" herrialde jakin batzuetako etorkinekiko aurreiritziak eta diskriminazioa "sakontzeko" baino ez dutela balio.
Gainera, hori salatu beharrean harro daude gobernukideak: "Aurreko Barne ministroekin alderatuz, atzerriko gaizkileak inoiz ikusi ez den erritmoan kaleratzen ari gara. Eta kontserbadoreek inoiz argitaratu ez bezala, gaizkile horiei buruzko informazio gehiago argitaratuko dugu", Starmerren alderdi kide batek Daily Telegraphen adierazi duenez.
Pribatutasunak jai ere Bilboko Aste Nagusian
Pasa den astean ezagutarazi zen Datuak Babesteko Euskal Agintaritzak (DBEA) Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Saila ohartarazi duela, sare ultretan amaitu zuten 79 atxiloturen argazkiak filtratu zirelako 2023ko Bilboko Aste Nagusian. Eskuin muturreko sare ultretan aurkitu zituzten, horien artean gaur egun europarlamentari den Alvise Pérezi lotutakoak. Segurtasun Sailak ezagutarazi duenez, "Poliziaren interesekotzat jotako pertsonen izen abizenak zituen polizia dokumentu bat zabaldu zuten, indarkeriaz egindako lapurreta delituetan parte hartu zutelakoan".
Datuak Babesteko Euskal Bulegoak ebatzi du konfidentzialtasun printzipioa urratu zela, eta adierazi du informazio hori Ertzaintzaren ordenagailu batetik bidali zela. Erakundeak nahita egindako ekintza bezala ulertu du, ez giza akats bat bezala. Baina ziurtatu du ezin duela identifikatu zein unetan eta nola zabaldu zuten. Hala ere, ebazpen administratiboak eskatu du "neurri zehatzak har ditzala antzeko egoerak errepika ez daitezen".