Bigarren egunari hasiera emateko, Carla Simónen Romería izan da aukeratutako pelikula. Bertan, Marina (Llúcia Garcia) ezagutuko dugu ikusleok, 18 urte bete berri dituen neska gazte kataluniarra. Unibertsitatean zinea ikasi nahi, eta beka lortu ahal izateko dokumentuek hasiko dute trama, Erregistro Zibilera joan denean ez baita bere aitaren alaba moduan agertzen.
Hiesak hil zituen Marinaren gurasoak; aita ez zuen ezagutu, umea zenean hil baitzen, eta ama ere gazte hil zen. Dokumentua bete ahal izateko, Erregistro Zibilekoek bere aitona-amonen onarpen moduko bat eskatuko diote, notario aurrean bete eta sinatuta. Horretarako joango da Marina Galiziara, ezagutzen ez duen bere aitaren familiarengana, oporrak bertan pasa eta kontu hau guztia argitzeko.
Larunbat arratseko saioa hasi aurretik, filmaren produktoreak hartu du hitza, eta aipatu du zuzendariaren bizi-esperientzian oinarritutako lana ikusiko genuela. Horrez gain, 1980ko hamarkada amaierako belaunaldi galduari eskainitako pelikula dela ere aipatu du. Hau guztia argi eta garbi ikusi da: oso lan pertsonala eta indibiduala izan da, baina, aldi berean, hiesak eta heroinak ezabatutako pertsonen tragedia erakutsi du.
Bortitza izan da esperientzia, noski: Marina bere aitaren familian ahal bezain ondoen moldatzen saiatzen da, baina, batez ere aitona-amonen isiltasuna eta beren semearen heriotza ezin onartzea pisu handiegia duten harriak izango dira prozesuan. Aurreko belaunaldiek pairatu eta transmititzen jarraitzen duten egoera bortitz hori belaunaldi berrien bizitasunarekin konbinatuta erakusten du filmak. Marina, etorkizuneko zinegile izaki, bideokamera batekin aritzen da oporrak dokumentatzen, une zoriontsu eta zirraragarriak betirako harrapatzen saiatzeko, kaos guztiaren erdian.
Bortizkeria hori guztia, ordea, filmaren azken zatira arte nahikoa sotila eta ezkutukoa izan da: begiradek eta isiluneek adierazten dute hitzek adierazi ezin duten mina. Bukaera aldera, baina, era zuzenagoan erakutsi du problematika guztia, ez ikuspegi bereziki sozialetik, baina bai belaunaldi horren sufrimendua erakusteko beldurrik gabe. Marinaren eta bere gurasoen arteko paralelismoa ere ikusi dugu, eta atsegin izan dut zati hau, zer aldatu den eta zer ez ikusten baitugu.
Gustura ikusi dudan lana izan da Romería, familia baten isiltasuna, aita ezagutu ez eta memoria berreraikitzeko ariketa, heroinaren eta hiesaren arazo soziala... Guztiak ondo biltzea lortu du filmean.