argia.eus
INPRIMATU
Pertsona transexualen aurkako Trumpen gurutzada
  • Pertsona transexuala izateagatik osasun arreta edo aseguru medikua ukatzea espreski debekatzen zuen legeak AEBetan, diskriminazioa saihestu asmoz. Debeku hori bertan behera utzi du orain Donald Trumpen Gobernuak, transexualen eskubideak urratzeko hartzen ari den erabakien ildoan.

Mikel Garcia Idiakez @mikelgi 2020ko ekainaren 16a

“Arraza, kolorea, jatorria, adina, ezgaitasuna, sexua edo genero identitatea” ezin da izan osasun arreta ez bermatzeko arrazoi AEBetan. "Genero identitatea" Barack Obamak txertatu zuen legean, baina orain ezabatu egin du Trumpen administrazioak, jaiotzean biologikoki duzun sexua bakarrik har dezan legeak kontuan eta beraz, transexualak babes neurri honetatik kanpo utziaz.

Trantsizio prozesu bati ekin nahi dioten transexualei eragingo die lege aldaketak, osasun langileek eta aseguru medikuek uko egin baitiezaiokete genero identitateari lotutako prozesuetan parte hartzeari, arrazoi erlijiosoak argudiatuta.

Giza eskubideen aldeko eta LGBTI+ kolektiboko ordezkariek, ordea, uste dute trantsizio prozesuarekin zerikusirik ez duen bestelako osasun arreta ez eskaintzeko ere baliatu ahal izango dela lege aldaketa. Pandemia baten erdian, Trumpen lehentasunak zeintzuk diren argi geratu direla kritikatu dute, transexualak baztertu dituela beste behin eta arriskuan jarri dituela, osasun arreta ez bermatuta. Epaitegietara joko duela iragarri du hainbat kolektibok dagoeneko.

Bat gehiago Trumpen zerrendan

Egun batzuk lehenago, transexualei loturiko beste neurri bat proposatu zuen Etxe Zuriko Etxebizitza sailak: etxegabeentzako aterpeetan transexualak ez onartzeko aukera zabaltzea (berriz ere arrazoi erlijiosoak argudiatuta) edo jaio zirenean zuten sexu biologikoari dagokion logelak eta komunak erabiltzera derrigortzea. Eta pare bat hilabete lehenago, pertsona transgeneroak armadan errekrutatzea debekatzen duen legea sartu zen indarrean.

Emakume transgeneroen inguruko eztabaida sare sozialetan

Azkenaldian sare sozialetan oihartzuna lortu duen eztabaida baten erdian iritsi da Trumpen erabakia. J. K. Rowling idazle ezagunaren txio baten harira, polemika piztu da sarean: emakume transgeneroak eta biologikoki jaiotzez emakumeak direnak ezin direla zaku berean sartu diote batzuek; biologikoki edo transgenero, bere burua emakumetzat duena emakume dela eta kito aldarrikatzen du beste korronte batek.